Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko eragileen arteko lankidetza baldin bada ere, askoz gehiago egiteko beharra eta gogoa bada. Baina parean diren hamaika trabek nahikeria oztopatzen dute maiz. Hori agertarazi zuten atzo Baionan, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen karietara Gaindegiak antolatu mahai inguruan parte hartu zuten hizlariek. Zer behar du Ipar Euskal Herriak Hego Euskal Herriarekin? izan zen pausatua izan zitzaien galdera eta elkarlanaren arloan eginaz, egitekoaz edo egin behar litzatekeenaz aritu ziren, Eguzki Urteaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen gidaritzapean.
Bertan egon ziren Mixel Etxebest Mauleko auzapeza eta lantegien kudeaketan ari den Artzainak taldeko burua, Jean-Mixel Larrasket Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Peio Olhagarai Baionako Merkatari eta Industria Ganberako zuzendaria, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea, Amaia Fontang LABeko kidea eta Jose Luis Aizpuru Euskal Irratiak taldeko erredaktoreburua.
Azkenean, izan trebakuntzaren alorrean, laborantzan, industrian zein komunikabideetan Bidasoako bi aldeak ez dira nahiko elkar begira. Olhagaraik azaldu zuen Gipuzkoako enpresei egin galdeketaren arabera, heren batek ez duela Ipar Euskal Herria ezagutzen.Damugarritzat jo zuen ikustea Hego Euskal Herrirentzat Ipar Euskal Herria ez dela merkatu interesgarri gisara kontsideratua. Laborantza arloan ere, nahiz euskal herritarren %90 Hego Euskal Herrian izan, salmentak Ipar Euskal Herriari mugatuz antolatzen direla azaldu zuen Berhokoirigoinek. Eta are gehiago, zabaldu nahi izanez gero, Bilbo zein Donostiari begiratu beharrean Bordele zein Tolosari so egiten dela gehitu zuen. Hala eta guztiz ere, nekazarien artean zein instituzioekin elkarlana badela azaldu zuen, «oraindik asko egiteko» badela gehituz.
Formazio eta irakaskuntza arloan da elkarren ezezagutza gehien sentitzen. Izan unibertsitate publikoen artean, zein ikastetxe pribatuen artean elkarlanerako interesik ez da eta nahi izanez gero ere, «burokrazia handiagatik» izigarri zaila izaten da. Benetako «hutsa» islatu zuten Larrasketek zein Olhagaraik. «Euskal Herria, Ipar eta Hego Euskal Herriaz osatua dela kontzientzia harraraztea izanen da erronka nagusietariko bat», Larrasketen ustez. Langileei eskaintzen zaien trebakuntzaren arloan ere sendi da gabezia, Fontangek zehaztu zuenez eta argi du hori eskaintza sortu beharra dutela.
Ezagupenik gabeko nazioa
Funtsean, Euskal Herriak bere osotasunean ez duenez ezagupen instituzionalik, Iparraldea eta Hegoaldea ez direla nahiko elkar begiratzen agerian geratu zen atzo. Ipar Euskal Herriak ere ezagupen instituzionalik ez ukanki, gabezia hori oztopo gisa azaldu zuten bat baino gehiagok. Kontu politiko hori «biziki inportantetzat» jo zuen Larrasketek; haren ustez «Euskal Herria osatzeko gogoa» da elkarlanaren gibelean gordetzen.
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdik inolako ezagupenik ez ukanki, «nahiz nahikaria izan, iraunkortasunerako egiturak eta instituzioak beharrezkoak direla» azaldu zuen Berhokoirigoinek. Sormarkek «eremua eta produktuaren artean lotura organiko bat» eskatzen dutenez, Euskal Herria kontutan hartuko lukeen sormarkak sortzeko ideia azaldu zuen, «Euskal Herriko lurretik bertako kontsumitzaileei erantzuteko» antolaketa proposamen gisa.
Etxebestek ere behar hori azpimarratu zuen, erabakitzeko eskumena ezinbestekoa dela azalduz. Adibidez, Gamesa enpresa laguntzeko izandako nahikeri polikoa azpimarratuz, argi utzi zuen zein den aldea: «Hego Euskal Herriak erabakitzen ahal du, Ipar Euskal Herriak ez, eta hori da ezberdintasuna»
Ikuspegi nazional hori garatzeko xedez, «errealitate ezberdinak kontutan harturik, aldarrikapen berdinak eramaten» dabil LAB sindikatua. Orain duela 11 urte hedatu zen LAB Ipar Euskal Herriari, justuki «langileen eskubideen defendituko zituen sindikatu nazional bat faltan zela» pentsatzen zutelako, Fontangek zehaztu zuenez. Euskal Herria bere osotasunean hartuko lukeen egitura sozio ekonomikoaren beharra azpimarratu zuen.
Hari horri segi, euskalhedabideek eremu komun bat ehuntzearen beharra beharra zuen azaldu Aizpuruk. «Euskal esparru komunikatibo bat sortu behar dugu, erreferentzi berdinak ukan ditzagun». Orokorki, eguneroko lanean elkarren berri emanez, dagoen «zatiketa» hauts daiteekela uste du. Euskal Irratiek Hego Euskal Herriko aktualitatea aipatzeko hartu duten hautua aurkeztuz, Hego Euskal Herriko komunikabideei ere Ipar Euskal Herriari begira «diskriminazio positiboa» eskatu behar zaiela uste du.
Hizkuntza bera izan arren
Elkarlanaren orduan hizkuntza izaten da «gaitzezko traba», Olhagaraik zehaztu zuenez. Hain zuzen, Gipuzkoa zein Lapurdi, Nafarroa Beherea edota Zuberoako enpresei egin inkestan agertzen da galdeketatuen herenak duela elkarlanerako «trabatzat» jotzen hizkuntza. Argi du, Bidasoaren bi aldeetako enpresen arteko loturak azkartu eta garatu nahi badira «hizkuntzaren arazoa konpontzea izanen dela erronka nagusietarikoa». Azkenean, lurraldearen gisa, euskarak ez duenez Ipar Euskal Herrian ofizialtasunik, gutxitan erabilia da komunikazioan. Alta, Etxebestek oroitarazi zuen gisara, «hizkuntza bat, euskara dugu amankomunean» eta hor ere ezagutua balitz ofizialki, agian egoera alda daitekeela. Hitzaldian zen Imanol Esnaola Gaindegiako idazkariak ere oroitarazi zuen euskararena «ezinbesteko» kontu bat dela.
Nahikaria oztopoek balaztaturik
UEU Udako Euskal Unibertsitatearen kari, hainbat eragileri 'Zer behar du Ipar Euskal Herriak Hego Euskal Herriarekin?' galdera pausatuz, mahai ingurua antolatu zuen Gaindegiak atzo, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu