indarkeria matxista

Natalya Balyuk

Uharte, 2018ko abuztuaren 25a.

2018ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun

2018ko abuztuaren 25a, larunbata, 16:30: gizon batek deitu du larrialdietara Uhartetik (Nafarroa); emaztea bainugelan erori dela, eta larri dagoela. Sorospen zerbitzuak eta poliziak joan dira esandako etxera, eta larri aurkitu dute emakumea, bainugelan; kolpeak ditu buruan eta gorputzean. Presaka eraman dute Iruñeko Ospitale Gunera. Han hilko da, abuztuaren 27an. Natalya Balyuk zuen izena; 38 urte zituen.

Artem Balyuk senarra, 41 urtekoa, atxilotu egin zuten. Etxera joan ziren poliziek sumatu zuten etxea garbituta zegoela, arrastorik gabe, eta gizonari eta haren amari —bikotearekin bizi zen, Uharteko Zarrondoa kaleko 3. atarian— jarrera susmagarriak ikusi zizkieten. Gizonak aitortu zuen emakumea jo zuela egun haietan; gizonaren amak, berriz, pisua garbitu zuen poliziak etxera iritsi aurretik. Ikerketapean jarri zuten auzia.

Ez zen kasu ezezaguna polizientzat eta justiziarentzat. Emakumea hil aurretik beste bi alditan iritsi ziren tratu txarren salaketak gizon haren aurka. Bikoteak eta gizonaren amak urte eta erdi zeramaten Uharten bizitzen, ukrainarrak ziren sortzez, baina hara bizitzera joan aurretik Antsoaingo pisu batean egon zen bizitzen bikotea.

2015ean, auzo batek salatu zuen uste zuela emakumeari tratu txarra ematen ziola gizonak. Antsoaingo udaltzainak joan ziren etxera, eta atestatu bat egiten zuten. Biktimak ez zuen berretsi nahi izan. Handik urtebetera, ordea, 2016ko azaroan, Natalya Balyukek berak jo zuen poliziengana. Gizonak jo egiten zuela salatu zien. Poliziei esan zien ez zuela prozedura bat hasi nahi gizonaren kontra, baina nahi zuela ohartarazpen bat ematea. Prozedura judiziala eten egin zen, emakumea ez zelako auzitegira agertu kasua berrestera.

Seinale horiek guztiak ez ziren aski izan. Senarrak emakumea jotzen jarraitu zuen, beranduegi izan zen arte. Mugimendu feministak gogor kritikatu zuen justiziaren jokabidea. Emakumeen Mundu Martxak salatu zuen «interbentzioa» ez zela «behar bestekoa» izan: «Emakumeak ez zuen salaketa jarri nahi, eta, beraz, ez ziren indarkeria sexistaren aurkako protokolo eta bitarteko publikoak jarri haren zerbitzura». Uharteko Pilpilean eta Andre Mari elkarteek, bestalde, adierazi zuten «bortizkeriaren aurkako neurrietan dauden hutsuneak» agerian utzi zituela Balyuken hilketak: «Gure gizartea zeharkatzen duten klase egiturak eta xenofobiak emakume askoren babesgabetasuna handitzen dute».

Epaileak kartzelara igorri zuen Artem Balyuk, eta handik hiru urtera jarri zioten zigorra. 2021eko urrian egitekoak ziren epaiketa, baina hiltzaileak eta akusatzaileek akordio bat egin zuten: gizonak hilketa bere gain hartu zuen, eta hamar urteko kartzela zigorra bat eman zioten emakumea hiltzeagatik, eta beste urtebeteko zigorra hura jotzeagatik. Adostu zuten ebazpenaren arabera, gizonak aurrez emakumeari emandako kolpeak ostera odoletan hasi ziren 2018ko abuztuaren 25eko kolpeen ondorioz, eta horrek eragin zuen heriotza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.