Espainiako hauteskunde orokorrak

Nazio eskubideak izango ditu xede Amaiur koalizioak

«Partida Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren artean» jokatzen dela aldarrikatuko dute lau alderdiek Madrilen«Fase politiko berrian sakontzeko» tresna gisa ulertzen dituzte Espainiako bozak

Alderdietako ordezkariez gain, hainbat herritar ere agertu ziren atzo prentsaren aurrean, ezkerreko indar abertzaleen koalizioaren aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatutako Amaiur koalizioko hautetsiak Euskal Herriaren nazio eskubideak aldarrikatzera joango dira Madrilera. Azaroaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorretan herritarren bozen ondorioz lortzen dituzten ordezkariek Euskal Herriaren «nazio aitortza eta hari dagokion erabakitzeko eskubidea» lortzea izango dute xede. «Partida Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren artean» jokatzen dela azaleratzen saiatuko dira, atzo Donostian egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez.

Koalizioa osatuko duten alderdietako kideez gain, hainbat herritar ere agertu ziren atzoko prentsaurrekoan. Arkaitz Estiballes eta Julio Soto bertsolariak, Nestor Basterretxea eskultorea, Kandido Zubikarai preso ohia, Josu Muguruzaren alargun Elena Bartolome, Olatz Arozena sindikalista, Maitane Linazasoro oiartzualdeko gazte auzipetua eta Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea, besteak beste. Alderdietako ordezkariak ere baziren. Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria eta Idoia Aiastui izan ziren; Aralarretik, Rebeka Ubera eta Txentxo Jimenez; EAtik, Pello Urizar eta Ikerne Badiola; eta Alternatibatik, Oskar Matute eta Amaia Agirresarobe.

«Fase politiko berrian sakontzeko aukera» gisa ulertzen dituzte Espainiako hauteskundeak koalizioko kideek, eta gizartearen atxikimendua eta eztabaida politikoa sendotzeko baliatu nahi dituzte. Bake prozesua eta konponbide demokratikoa lortu nahi dituzte. Bide horretan, «bakea eta normalizazioa» aldarrikatuko dituzte, eta Gernikako Akordioa izango dute bide orri.

Bakegintzaz gain, beste helburu batzuk ere izango dituzte. Krisi ekonomikoa gainditzeko, «euskal erakunde eta eragile ekonomiko eta sozialek enplegu eta gizarte babeserako politika subiranoak ezartzeko tresna eta eskumen juridikoa izan dezaten», Lan Harremanen Euskal Esparrua exijituko dute. «Enplegu duin eta kalitatezkoaren alde» arituko dira.

Hezkuntzan, osasunean eta gizarte politiketan eredu publikoen alde egingo dutela jakinarazi dute, «pertsona guztien arteko berdintasun eraginkor eta benetakoa» lortzeko xedearekin. «Ingurumen eta ekologia iraunkortasunak gidatuta» ariko dira, eta «Euskal Herria egituratzen lagunduko duen egitura eta azpiegitura sozial oro» defendatuko dute. Gaineratu dutenez, euskarari eta euskal kulturari «zor zaien berehalako onarpena» lortzeko ahalegina ere egingo dute.

Alderdi bakoitzeko ordezkari banak irakurri zuen akordioa: Aralarreko Rebeka Uberak eta EAko Pello Urizarrek egin zuten euskaraz, eta Alternatibako Oskar Matutek zein ezker abertzaleko Idoia Aiastuik gazteleraz.

Erabakitzeko eskubidea «euskal gizartearen agendan» dagoela ziur daude. Etorkizunari buruzko erabakia hartzeko zilegitasuna duen subjektu bakarra euskal gizartea dela nabarmendu dute, baina, «bakeari eta normalizazio politikoari dagokienez, lehentasunezkoak diren zenbait arlotan Espainiako Estatua beharrezko aktore» dela ere jakitun dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.