Nazioarteko biltzar batean esan dute erraustea ez dela alternatiba, «arazo» baizik

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak Italian egindako biltzarrean parte hatu du egunotan

Mundu osoko hogei adituk baino gehiagok parte hartu dute hondakinei buruzko biltzarrean, Como lakuan. BERRIA.
urtzi urkizu
2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hondakinei buruzko nazioarteko biltzarra egin dute aste honetan Italiako Bellagio zentroan, Como lakuan. Antolatzaileak Rockefeller Fundazioa eta GAIA Errausketaren Alternatibetarako Munduko Aliantza erakundea izan dira, eta han mundu osoko hogei ordezkarik baino gehiagok parte hartu dute. Gipuzkoako Diputazioaren izenean, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak parte hartu du: «Zero zabor helmuga duten esperientziak azaldu dituzte ordezkariek, eta etorkizunari begirako hausnarketak egin dituzte».

Biltzarra atzo bukatu zen, eta adituek oso egoera ezberdinak azaleratu dituzte. «Tamaina fisiko zein gizarte maila askotako lekuen esperientziak azaldu dira biltzarrean. Baina oinarrian denen helburua da hondakinak baliabidetzat hartzea, eta horren haritik lanketa egitea baliabide horiek ahalik eta hobekien berreskuratzeko, mugimendu zirkular baten arabera», azaldu du Errazkinek.

Gipuzkoako esperientziaren berri eman du biltzarrean Ingurumen diputatuak: «Gure plana herritarren ekarpenean oinarritzen da, herri batzuetako esperientzia oinarri hartuz. Adituek interesgarritzat hartu dute hori, hau da, gizarte zibila aktibatzea zer garrantzitsua den. Herritarrekin egindako lanketan arreta jarri dute».

Erraustearen inguruan munduan dauden esperientziak aztertu dituzte biltzarrean. Nahiz eta egoera eta parametro ezberdinak dauden, errausteak zein osasun arazo sortzen dituzten agertu dituzte hainbat elkartek. «Biltzarretako ondorio bat honakoa izan da: ingurumena sozialki orekatua izango den dinamika bat egin nahi bada, errausketa ez da alternatiba bat, arazo baizik. Zero zabor helburuarekin lan ari direnek ez dute erraustearen alternatibarekin bat egiten. Errauste planta asko leku pobreetan egiten ari dira, pertsona batzuek epe laburrean etekin ekonomikoak izateko asmoz. Baina eremu baztertu horietan bizi direnak ari dira osasun arazoak jasaten».

Gipuzkoan batzuk aipatzen dute atez ateko sistemak ez duela hirietarako balio, adibidez, Donostiarako. Askoz hiri handiagotan atez ateko sistema dute, ordea, Errazkinek nabarmendu duenez: «San Frantziskon, Bogotan eta Txileko Santiagon, esate baterako, milioika pertsona bizi dira, eta zero zabor dinamikak lantzen ari dira». Milanen ere datozen hilabeteetan jarriko dute martxan atez atekoa. Londresko auzo handi batzuetan ere horretan ari dira. «Adibide horiek ikusita, Donostian edo Bilbon posible litzateke atez ateko sistema jartzea. Adituak harrituta gelditu dira hirietan sistema jarri ezin dela dagoen polemikarekin».

EAJ Errazkinen tesien aurka

Bestalde, EAJko batzarkide Xabier Ezeizabarrenak esan du Europako Ingurumen Komisario Janez Potonickek ez duela bat egiten Errazkinen tesiekin: «Izan ere, birziklatu ezin diren hondakinak erraustea eraginkorra da». EAJko kidearen ustez, Europako Batasunak Bilduren argudioak bertan behera utzi ditu: «Potocniken ustez, errausketa instalazioa segurua da, eta gizarteari hainbat onura emango dizkio, besteak beste, energia eta beroa sortu edota baliabideak berreskuratu».

Ezeizabarrenak Gipuzkoako ingurumen diputatuari egotzi dio interesatzen ez zaizkion datuak gorde izana. Europako Batasunean errausketa instalazioak egiteko kontrolak zein legeak eskatzen dituen baldintzak handiak direla uste du EAJko ordezkariak: «Besteak beste, isurien gaineko balioak teknika onenekin neurtzen dira. Gipuzkoan errausteko instalazio modernoa eta segurua egin nahi dugu, beti ere Europako iparraldeko herrialdeetan egiten diren antzekoa».

Gipuzkoako Ingurumen diputatuak Europako Parlamentuko mintegi batean parte hartu zuen martxoaren 7an. Europako Ingurumen komisarioak Gipuzkoako esperientzia «adierazgarria» eta «garrantzitsua» dela esan zuen, eta «ikasteko» balio dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.