ETAk joan den urtarrilean aldarrikatu zuen aldebakarreko su-etenegiaztagarri eta iraunkorra egiaztatzeko nazioarteko batzordea osatu da, eragileekin lehen bilerak egin ditu, eta atzo eman zen ezagutzera.
Prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuten NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordea osatu dutela, eta taldea nork osatzen duten ere ezagutarazi zuten: Ronnie Kasrils hegoafrikar politikari ohiak, Ray Kendall Interpoleko buru izandako britainiarrak —HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide ere bada—, Chris Maccabe Londresko Gobernuaren Ipar Irlandarako negoziazioen arduradunetako bat izandakoak, Ram Manikkalingam hainbat gatazkatan bitartekari lanetan aritutako eta besteak beste Irlandako INLA talde armatuaren desarmerako negoziazioen bitartekari izandako srilankarrak eta Satish Nambiar Indiako Armadako Teniente Jeneral ohi eta Jugoslavia ohiko Nazio Batuen babes indarren buru izandakoak.
NEB taldeak koordinatzaile bat ere badu: Fleur Ravensbergen holandarra, Manikkalingam zuzendari den Herbehereetako Elkarrizketarako Aholkularitza Taldeko kidea.
Nazioarteko bake prozesuetan nahiz segurtasun gaietan esperientzia handikoak dira denak.
«Lan serio eta zorrotza»
Prentsa oharrean azaldu dutenez, NEBren helburua ETAren su-etena egiaztatzeko lanean jardutea da, «lan serio eta zorrotza eginez». Horretarako, batzordeak «euskal gizarteko elementu posible guztiekin egingo du lan».
Aste honetan, NEBk bilerak egin ditu Euskal Herriko alderdi politiko, enpresarien elkarte, sindikatu eta Elizako ordezkariekin,batzordearen lanaren hasierari buruz hitz egiteko, eta aurrerantzean ere aldizkako bilerak izango ditu euskal gizarteko «elementu posible» guztiekin, «Euskal Herriak eskatzen duen su-eten sinesgarri eta itzulezina sendotu eta sakontzen lagun dezaketen datu, ideia eta proiektuak partekatzeko helburuarekin».
Azken urteotan Euskal Herrian bakeranzko aurrerapauso garrantzitsuak gertatu direla uste du NEBk: «Gaur garai itxaropentsu batean gaude» dio, hitzez hitz. Etapa horretara iristen lagundu duten faktoreen artean, nabarmentzekoa da, NEBren arabera, «euskal gizartearen eskakizun argi eta irmoa indarkeria behin betiko amai dadin».
Prozesu horretan, NEBk dioenez, «funtsezko pausoa da su-eten sinesgarria eta itzulezina» izatea.Eta taldea osatu bada, «euskal gizarteko elementu ezberdinek batzordeko kideei su-etena egiaztatzeko bitarteko bat sortzeko egindako eskakizunagatik» izan dela diote prentsa oharrean.
«Urrats sendoa»
Ezker abertzaleak prentsa ohar baten bidez «txalotu» egin ditu NEBren osaketarekin «nazioarteko komunitateak erakutsitako inplikazio eta konpromisoa», baita NEBko kideen «borondate eta konpromisoa» ere. Ezker abertzalearentzat «konponbide prozesuan urrats sendo eta esanguratsua» da batzordea osatu izana. Izan ere, haren ustez, NEBk «egoera berria egonkortzen lagunduko du», eta horrela, «irtenbide partekatuak eraikitzeko orubea finkatu da». Ezker abertzaleko ordezkaritza bat, Rufi Etxeberriak eta Maribi Ugarteburuk osatutakoa, NEBko kideekin batzartu zen atzo.
EAJko kideak ere bai, EBBko buru Iñigo Urkulluk bere blogean esan zuenez. Batzordekideek egoerari buruz duten ezagutza nabarmendu du buruzagi jeltzaleak, batez ere su-etenaren oinarriei eta haiek bete dezaketen zereginari dagokienez. Atzoko bileran ez zeudenak biltzeko ahalegina ere aitortu dio Urkulluk batzordeari, eta uste du «lana egiten uzten bazaie» indarkeria behin betiko amaitzeko prozesuaren «bultzatzaileetakoak» izan daitezkeela.
Nazioarteko bost adituk osatu dute ETAren su-etena egiaztatzeko batzordea
Bake prozesuetan nahiz segurtasun gaietan esperientzia handikoak dira Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak«Nazioarteak erakutsitako konpromisoa eta inplikazioa» txalotu ditu ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu