Egiaztatze Batzorde osoa Bilbon da egunotan. Nazioarteko sei adituk sortu zuten batzorde hori, irailean, ETAk iazko urtarrilean iragarritako su-etena egiaztatzeko helburuz; bake prozesuetan aditu Brian Currin Hegoafrikako abokatuak sustatuta eratu zen taldea. Egungo egoeraren berri bertatik bertara izateko etorri da Euskal Herrira, eta bertan egongo da aste osoan. Informazioa lehen eskutik jasotzeko, hainbat alderdi politiko eta gizarte eragilerekin bilduko da. Atzo ekin zion bidaiako lehen lanegunari, eta batzarrak diskrezioz egin zituen arren, albisteren bat iritsi zen hedabideetara. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearekin eta Rufi Etxebarria ezker abertzaleko kidearekin bildu zen atzo, besteak beste. Batzar horiek eman dutenaren berririk, hala ere, ez da oraingoz zabaldu.
Nazioartean gatazken konponbidean egin duten lanagatik, eta, besteak beste, segurtasun lanetarako izan dituzten karguengatik, itzal handikoak dira batzordeko sei kideak. Eta seiak etorri dira Euskal Herrira, egitekoari garrantzi eta seriotasun berezia emanez.
Aurrez etxeko lanak eginda etorri dira, gainera. Egunotan aurrez aurre bilduko diren eragileetako ordezkariekin harremanak izan zituzten aurreko astean, batzarrak prestatze aldera.
Aresek nahiago du Polizia
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak garrantzia kendu dio bisitari: «ETA iragarpena betetzen ari den egiaztatzeko baliabiderik onenak poliziak dira». «Erradikal abertzaleek eta ETAk egiaztatzaile horien beharra» dutela adierazi du, eta «zorte ona» opa diela.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eragile politikoekin bildu da
Batzordeko kide guztiak Bilbon dira egunotan; atzo, EAJrekin eta ezker abertzalearekin batzartu ziren, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu