Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, ETAk iazko urtarrilean iragarritako alde bakarreko su-eten egiaztagarri eta iraunkorra egiaztatzeko iragan irailaren amaieran sortutakoa, Euskal Herrira etorriko da aste honetan, eta hemengo alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariekin eta gizarte eragileekin bilduko da, BERRIAk jakin duenez.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egun batzuk geratzeko asmoa dauka Euskal Herrian, eta hura osatzen duten taldekide guztiak presente egongo dira eragileekin egingo dituzten bileretan. Guztien parte hartzeak erakusten du egunotako lanari eman dioten garrantzia.
Euskal Herrira etortzeko aukeratutako unea ere garrantzitsua da. Hiru hilabetetik gora da Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zela, eta baita ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuela ere. Batzordearen sorreraren iragarpenetik lau hilabete igaro dira. Espainian gobernua aldatu da, eta Euskal Herrian kartzela politika errotik aldatzeko eskaera gero eta handiagoa da.
ETAren jardun armatuaren amaierak ez du oraindik aldaketarik eragin Frantziako etabereziki Espainiako gobernuen jarreretan. Aieteko Adierazpenak jardun armatuaren behin betiko amaierari erantzuteko eskatu zien bi gobernuei; hain zuzen ere, «gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko» ETArekin.
ETAren iragarpena berri ona dela eta benetakoa den ustea dutela adierazi izan dute Mariano Raxoiren gobernuko hainbat kidek. Herenegun, ordea, Jorge Fernandez Diazek eginiko adierazpenek ordu arte Espainiako Gobernuak esandakoa gezurtatu zuten ia, eta adierazi zuen talde logistikoari eta armen pilaketari eusteko asmoa duela ETAk eta «estortsioari» ekin diola; Euskal Herriko hainbat alderdik gaitzetsi egin dituzte adierazpen horiek.
Egoera horretan egingo dute bisita bake prozesuetan eta segurtasun gaietan nazioarteko esperientzia zabala duten adituek. Hauek dira taldekideak: Ronnie Kasrils, hegoafrikar politikari ohia; Ray Kendall, Interpoleko buru izandakoa—Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide ere bada—; Chris Maccabe, Londresko Gobernuaren Ipar Irlandarako negoziazioen arduradunetako bat izandakoa; Ram Manikkalingam, hainbat gatazkatan bitartekari lanetan aritutakoa; eta Satish Nambiar, Indiako Armadako teniente jeneral ohi eta Jugoslavia ohiko Nazio Batuen babes indarren buru izandakoa.
Ahern, igandean, Bilbon
Horiek ez dira izangoegunotan Euskal Herria bisitatuko duten euskal gatazka konpontzen laguntzeko asmoz diharduten nazioarteko pertsona ezagun bakarrak. Izan ere, asteburuan Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia ere Bilbon izango baita. Aieteko Nazioarteko Konferentzia babestu zuten nazioarteko politikari ezagunen taldekoa da Ahern, eta Aieteko Adierazpena irakurri zuena; Sabino Arana Fundazioak Konferentzia horri emango dion saria jasoko du Ahernek.
ETAren jardun armatuaren amaiera
Nazioarteko Egiaztatze Batzordea Euskal Herriko eragileekin bilduko da egunotan
ETAren su-etena egiaztatzeko sorturiko nazioarteko adituen talde osoak hartuko du parte bileretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu