Asteazkenean iragarri zuen bezala, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea atzo eta gaur hainbat eragilerekin bildu da Euskal Herrian, eta uste du azkenaldian ere "bakea egonkortzeko pausoak" eman direla. Hala esan du prentsa ohar batean. Ondorioz, azpimarratu du "bake egonkorra lortzeko aukera historikoa" dagoela.
Bileren helburua "[ETAren] indarkeriaren amaierari buruz informazioa jasotzea eta haren egiaztatzeaz jarraipena egitea" zen, aurreratu zuenez, eta gaur adierazi du ETAk indarkeria bukatzeko hartutako konpromisoarekin jarraitzen duela egiaztatu ahal izan duela. Aitortu du erakunde armatuarekin "zuzeneko mezuak" eduki dituela, eta esan du "ETA prestatuta" dagoela "prozesua egonkortzeko gai praktiko batzuen inguruan hitz egiteko".
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren "gizarteratze" programaren berri izan duela ere esan du lantaldeak. "Pausotzat" jo du, eta "norabide berean jarraipena" izan beharko lukeela gaineratu.
Iazko irailean sortu zuten Egiaztatze Batzordea, ETAren su-etena egiaztatzeko —horrek urrian jarduera armatua betiko bukatu duela jakinarazi zuen—. Nazioarteko bost adituk osatzen dute, eta oraingoa Euskal Herrira egindako hirugarren "bisita ofiziala" izan da. Urtarrilean izan ziren aurreko aldian.
Hauekin bildu da egunotan
- Rodolfo Ares (Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua).
- Jesus Loza (Eusko Jaurlaritzako Memoria eta Bizikidetzarako agintaria).
- Iñigo Urkullu (EAJren EBBko presidentea).
- Jose Antonio Pastor (PSE-EEko bozeramailea).
- Rufi Etxeberria (ezker abertzalea).
- Nuria Lopez de Gereñu (Confebaskeko idazkari nagusia).
- Xabier Anza eta Patxi Agirrezabala (ELA).
- Ainhoa Etxaide eta Jon Etxeberria (LAB).
- Raul Arza eta Emilia Malaga (UGT).
- Loli Garcia (CCOO).
- Juan Maria Uriarte (Eliza, Donostiako gotzain ohia).
Gaur haietako askorekin batera batzar bat egin duela ere jakinarazi du batzordeak. Denei eskatu die elkarren artean hitz egiten jarrai dezatela.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak asteazkenean esan zuen Madrilek ez duela bilerarik egingo Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin. "Gobernuak egiaztatzea Poliziaren, Guardia Zibilaren eta informazio zerbitzuen bidez egiten du".