ETAk joan den urtarrilaren 10ean iragarritako su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria ikuskatuko duen Nazioarteko Harreman Taldea osatu da, eta bi aste barru etorriko da Euskal Herrira, atzo Lokarri herritar sareak adierazi zuenez.
ETAren azken agiria argitaratu zen egunean, Nazioarteko Harreman Taldea urtarrilean osatuko zutela aurreratu zuen Brian Currin abokatu hegoafrikarrak, Bruselako Adierazpenaren barruan eta Currinek berak gidaturik. Abokatu hegoafrikarrak aurretik esana zuen Harreman Taldeak ez zuela urratsik egingo ETAk su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria aldarrikatzen ez zuen bitartean; urtarrileko agiriarekin, ordea, talde hori osatzeko baldintzak bete zituen erakunde armatuak, Currinek berak adierazi zuenez.
Taldea osatu da, baina oraindik ez dira jakin taldekideen izenak. Bruselako Adierazpenaren bultzatzaileak jakinaraziko dituela espero izatekoa da, osatu eta lehen bisita lotutakoan kideen curriculumak ezagutaraziko zituela esan baitzuen.
«Taldea osatuta dago, eta orain lanean dihardu Euskal Herrira egingo duen lehen bisita prestatzen», aurreratu zuen atzo Paul Riosek, Lokarriko koordinatzaileak. Bisita «bi aste barru inguru» egingo dutela ere esan zuen Riosek, eta orduan, «taldearen betekizuna eta funtzioak kontuan hartuta, atzera bueltarik izango ez duen bake prozesu bat bultzatzeko lehen urratsak zeintzuk izango diren aurkeztuko dute».
Nazioartearen beharraz
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute nazioarteko bitartekaritzarik nahi, eta are gutxiago Brian Currinek osatutako Nazioarteko Harreman Taldearena, behin eta berriro adierazi dutenez. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak joan den azaroan argi hitz egin zuen gai horri buruz: «Bitartekaririk ez dugu behar, ezta nahi ere, eta ez dugu horrelakorik erabiliko».
Jarrera horrekin ez dute bat egiten Lokarri herritar sareak urtarrilean ETAren su-etenari buruz prestatutako galdetegiari erantzun dioten herritarrek. Izan ere, «su-etena benetan gauzatzen ari dela bermatzen duen neurrian» nazioartearen egiaztatze lana «indarkeriaren itzulezintasuna bermatzen lagun dezakeen osagai garrantzitsutzat» jo baitute galdetegiari erantzun dioten 1.382 herritarrek. Dena den, «argitu beharreko zenbait gai» ere badirela esan dute.
ETAren su-etena egiaztatzeaz gain, inkesta egin dutenek uste dute «lan garrantzitsua» egin dezakeela nazioarteko bitartekaritzak Espainiako Gobernuak «giza eskubide guztiak» berma ditzan bultzatzeko ere.
«Itxaropen errealista»
ETAren su-etenaren ondotik eginiko Bake-prozesuaren Behatoki Sozialaren ohiz kanpoko Txostenean bildu ditu Lokarrik galdetegiaren emaitzak. Paul Riosek egin zuen bildutako datuen gaineko irakurketa, eta, nabarmendu zuenez, gizarteak «itxaropen errealistari» eusten dio.
ETAren su-eten iraunkor eta egiaztagarria baikor hartu dute galdetegia bete dutenen %89k. «Aurrekoekin alderatuz gero, agiriak eragin dituen sentimenduak itxaropena eta ilusioa dira», azaldu zuen Riosek. Are, «itzulerarik izango ez duen indarkeriaren behin betiko amaierarako beharrezkoa den pausoa ekarriko duen ilusioa» piztu du erakunde armatuaren agiriak, Lokarriko koordinatzailearen arabera.
Moncloaren egitekoaz
Espainiako Gobernuak egoera honetan izan beharreko betekizunaz ere galdegin zuen Lokarrik ohiz kanpoko galdetegian. Eta herritarrek eskatu diote Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari «bakerako aukera une honetan» eraginkorrago joka dezan. Zehazki, bi proposamen egin dizkiote Moncloari.
Batetik, presoak hurbilduz eta ezker abertzalea «legeztatzea erraztuz», prozesuan lagun dezala eskatu diote Zapaterori.
Bestetik, ETAren iragarpena behin betikoa dela frogatzeko su-etenaren egiaztapenean «lankidetza aktiboari» ekin diezaiola eskatu diote.
Lokarrik uste du «sinesmen sendoa» dagoela «bake prozesu itzulezin batek elkarbizitzan oinarrituriko etorkizuna ekarriko duela», eta gogorarazi du, «beste behin ere», «ezinbestekoa» dela indarkeriarik ez izatea, legeztatzea eta gizartea protagonista izatea, «eta behin eta berriz eskatu den bezala».
Nazioarteko Harreman Taldea osatu da, eta bi aste barru egingo du lehen bisita
Lokarrik baieztatu du berria, ETAren su-etenari buruz egin duen inkestaren aurkezpenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu