Nazioarteko komunitateari segitzeko eskatu dio ezker abertzaleak Espainiari

«Salbuespeneko legeriaren aldamioa desmuntatzeari» egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Aieteko Adierazpenaren sinatzaileak, urriaren 17an, Donostian, Bakearen Etxean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen ustez, Espainiako Gobernuak «jarrera arduragabea» dauka, Euskal Herrian ireki den prozesuaren inguruan. «Immobilismoan» dagoela salatu du, «molde errepresibo zaharrei» eutsiz. Bestelakoa iruditzen zaio nazioarteko komunitatearen jarrera. «Konpromiso eta borondatez» ari da hura, ezker abertzalearen ustez, eta haien bideari segitzeko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Aieteko Adierazpenarekin bat egin, eta «ekarpen eraikitzailea» egitea galdegin die. «Salbuespeneko legeriaren aldamioa desmuntatzeari» ekiteko eskatu die.

Bruselak aste honetan bertan esan du ETAk armak uztearen bidean urrats gehiago babestuko dituela. Horren harira egin ditu adierazpenok ezker abertzaleak. Catherine Greze europarlamentari eta Friendshipeko kideak egindako galderari erantzunez, Europako Batzordeak ETAk armak uzteko erabakia hartu izanari «ongietorri beroa» egiten diola esan zuen Cecilia Malmstrom Europako Barne komisarioak. «Armak uztera bidean ahalegin gehiago babesten ditu».

Grezek gogora ekarri zuen Briam Currinen taldeak sustatutako Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin elkarlanean aritzeko prest agertu dela ETA. Europar gisa «EBren barnean dagoen azken gatazka konpontzeko beharra dugu, gure esku dagoen guztia eginez», gaineratu zuen.

Bruselan ez ezik, Londresen ere izan dute Euskal Herriko gatazka hizpide azken egunetan. Joan zen astean Harremanetarako Nazioarteko Taldeko Nuala O'Loanek galdera egin zuen Erresuma Batuko legebiltzarrean. EBren barnean zein urrats jarri diren abian galdetu zion gobernuari. Astor of Heverrek Atzerri Ministerioaren izenean erantzun zion EBko gobernu guztiek egin zietela ongietorria ETAren erabakiari. Baina, gaia Madrilgo gobernu berriaren eskuetan utzi behar dela esan zion, eta hark eskatzen badio Erresuma Batuak lagundu egingo diola. Eztabaidan O'Loanek esan zuen Irlandako esperientzia baliagarri izan daitekeela Euskal Herrirako, eta John Alderdice Irlandako legebiltzarkideak «kanpoko laguntzaren» garrantzia azpimarratu zuen. Anderson Swaseak pasibo ez izateko eskatu zion gobernuari.

Nazioarteko eragileen ahalegin eta konpromisoa ezinbestekoa izan da, ezker abertzalearen irudiko, «gatazka politiko historikoaren behin betiko gaindipenerako akordio barneratzaileak erdiestea ahalbidetuko duen agertoki berria eraikitzeko». Espainiaren jarrerak borondate horrekin «talka» egiten duela dio.

Bi gai «urgentziaz» konpondu behar direla uste du ezker abertzaleak: errepresaliatu eta biktimen gaia, batetik, eta aukera politiko guztien legeztatzea eta «jardun politikoen aurkako jazarpen polizial eta judizialen amaiera», bestetik». Ezinbestekotzat jotzen du hori, «Euskal Herriaren desmilitarizazio egoerara» iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.