Nazioarteko taldearen lana errazteko eskatu dio Lokarrik Espainiako Gobernuari

«Bilduren eta halako hauteskunde aukera zilegizko eta legezkoen kontra» ez jarduteko beharra nabarmendu du

Lokarriko ordezkari Aitziber Blanco eta Paul Rios, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Behatokiko Sozialaren Txostena aurkeztearekin batera, Lokarrik gomendio batzuk plazaratu ditu «aukeren momentu baterako». Gomendioetako bat Espainiako Gobernuarentzat da: Harremanetarako Nazioarteko Taldearen lana erraztu dezala. Lokarriren iritziz, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko erraztaileek egin dezaketen lana oso garrantzitsua da. Batetik, «esperientzia zabala eta nabarmena» dutelako antzeko zereginetan eta, bestetik, «ETAk berak borondatea adierazi duelako nazioarteko komunitateak egiaztapen lana egin dezan».

Alderdi politikoei eta komunikabideei gomendatu die Lokarrik «ez oztopatzeko eta ez gaitzesteko pertsona horiek bakea gure gizartean lortzeko egin dezaketen lana». Espainiako Gobernuari, berriz, gomendatu dio «egiaztapen lana erraztu eta susta dezan, isilean edo agerian, eskura dituen bitartekoak erabilita, eta egoki deritzon komunikazio bideak jorratzen has dadin». Izan ere, El Diario Vasco egunkariaren iturrien arabera, Espainiako Gobernuak ez du eragotziko nazioarteko adituen egiaztatze lana, baina ez du erraztuko ere.

Lokarrik, bigarrenik, Sortu legeztatzeko gomendatu du une politiko honetarako. Honako arrazoi hauek emanda: legez kanpo dagoen ezker abertzaleak politika baldintza berdinetan egiteko aukera lukeelako, bake prozesu garden eta irekia abiarazteko bidea emanen lukeelako eta proiektu politiko zilegizkoak aldezteko bide baketsurik ez dagoela deritzotenei argudioak kenduko lizkiekeelako.

Alde horretatik, Lokarriren ustez, Espainiako Gobernuak «ez luke hauteskunde aukera zilegizkoen eta legezkoen kontra jardun behar; Bilduren kontra, esaterako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.