Eibarko Markeskoa jauregian, naziotasunak hitzordu bat izan zuen. Udako Euskal Unibertsitateko Filosofia Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Naizonalismoa XXI. mendean masterrak elkarlanean antolatuta, Naziotasunaren labirintoa Euskal Herrian izeneko mintegi itxia egin zen. Bertan, gaiarekin lanean diharduten 25 bat pertsonak euskal nazionalismo desberdinen inguruan eta independentziarako subjektu politikoaz eta bideaz hausnartzeko aukera izan zuten. Mintegi itxi honetatik ondorioak atera, eta jende gehiagorentzat izango liratekeen jardunaldiak egitea litzateke antolatzaileen helburua, eperik jarri gabe.
Mintegia hiru blokeren inguruan ardaztu zen. Lehen blokean, Julen Zabalo aipaturiko masterreko irakasleak euskal nazionalismoaren ibilbide laburra egin zuen Naziotasun ereduak izeneko hitzaldiarekin. Haren iritziz, 1930era arte, arraza eta lurraldea izan omen dira euskal nazionalismoak oinarrian izan dituen irizpideak diskurtso nazionalista eratzerakoan, ideologia kontserbadoreari loturik. 1960tik aurrera, berriz, hizkuntzan oinarritu zen nazio diskurtsoa, ideologia iraultzailearekin batera. Eta 1990etik aurrera, azkenik, diskurtso demokratiko-liberala etorri zen, ideologiaren aldetik —autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenarekin— gaur egun nagusi dena. Baina nazio diskurtsoa, ordea, ez dago hain argi, azkeneko urteotan, hizkuntzaren garrantzia hor egonik, asko zabaldu baitira lurraldean eta historian oinarritutako diskurtsoak, Zabaloren ustez. Hitzaldiaren bukaeran galdera bat paratu zuen eztabaida pizteko asmoz: «2010etik aurrerako euskal nazionalismoa demokraziazalea ote da? Diskurtso iraultzailea desagertu da?».
Sarrera hitzaldi horren ondotik eztabaida saioa egon zen, batez ere bi ildoen inguruan ardaztu zena: batetik, zerk ematen duen naziotasuna —hizkuntzak, lurraldeak, historiak, borondateak, erlijioak…—; eta, bestetik, zein den askapenerako subjektu politikoa eta nola osatzen den. Independentziarako zein bide jarraitu behar den ere planteatu zen. Hortaz, galdera horiei erantzun nahian ibili ziren gai horretan adituak diren bertaratutakoak.
Mintegiaren bigarren blokean, lehenengo galderari erantzuteko asmoz, Joxe Manuel Odriozola, Fredi Paia eta Txoli Mateosek beren azalpenak eman zituzten, hizkuntza, historia eta lurraldea lehenetsiz, hurrenez hurren. Odriozolak azpimarratu zuen hizkuntza ez dela ezaugarri kultural hutsa, euskal nazioaren oinarria baizik. Mateosentzat, berriz, nazionalismoaren oinarri eta abiapuntua lurraldea da, eta lurraldearen oinarria borondatea. Azkenik, Paiak historia ezaugarri determinantetzat aurkeztu zuen. Imajinazioa memoriarekin parekatuz, naziogintza ez dela konpartimentu estankotan egiten, baizik eta memoria kolektiboa, kontzientzia eta gaur egungo borondatea loturik eta determinaturik daudela bata bestearekin.
Hitzaldi horien ondoren egon zen eztabaidan, nazionalismoa eraginkortasunaren faktoretik eraiki behar dela azpimarratu zuten gehienek: batzuek, irizpide horretatik historiaren beharra aipatuz; beste batzuek, euskara edo borondate hutsa aipatuz. Adibidez, Mario Zubiagak azpimarratu zueneraginkorrena litzatekeela elementu guztiak batu eta denak elkarrekin nazionalismo sendo bat eraikitzea. Unai Apaolazak, berriz, naziotasuna helburu politikoarekin lotzeko deia eginez, subjektua nahitaez independentismoa izan behar dela aldarrikatu zuen.
Mintegiaren bukaera aldera, hirugarren blokean, nazioaren eraikuntza politikoa eta independentziarako bideak ideia ardaztzat izanda, Imanol Galfarsorok, Lontzi Amado-Borthayrek, Mario Zubiagak eta Zelai Nikolasek beraien txostenak aurkeztu zituzten. Galfarsororen ustez, erretorika politikoaren eta errealitatearen arteko hutsunea kudeatzen jakin behar da. Diferentzia azpimarratu beharrean, folklorea, kultura propioa eta abar; alegia, Galfarsorok uste du garaia dela abertzaletasunak diferentzia etniko-kulturaletatik harago berdintasun politikoa azpimarratzen hasteko. Ondoren, Lontzi Amado-Borthaire baionarrak nazio eraikuntza linguistikoaz hitz egin zuen. Bertan aipatu zuen, esaterako, bere garaian Udalbiltzak eta Jaurlaritzak Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko hartutako erabakiek nolako kokapen aldaketak eragin zituen hango politikan eta bertoko notableen artean.
Hirugarren txostenean, Mario Zubiaga zientzia politikoan doktoreak azaldu zuen euskal agente politiko askok orain arte nola artikulatu dituzten beraien operazio hegemoniko desberdinak. Ezker Abertzalearen adibidea jarriz, baliokidetasuneko kateak sortzeko izan duen gaitasuna azpimarratu zuen, borroka beraren —independentzia eta sozialismoa— gainean jartzea lortu izan duelako euskaltzaletasuna, ekologismoa, feminismoa eta ezkertiartasuna, beste batzuen artean. Haren ustez, gaur egun, beste populismo baterako baldintzak sortu behar dira Euskal Herrian, eta, horretarako, bestelako diskurtso eta praxiak behar dira: hain zuzen, artikulazio hegemoniko berria burutzeko. Estrategikoki, garbikeria linguistikoa saihestuz, euskalduna euskal herritarra kontsideratu behar dela gaineratu zuen.
Hirugarren blokeko hitzaldiei bukaera emateko, Zelai Nikolasek independentziarako baldintzak emanda daudela azpimarratu zuen. Estatuaren eskubide eta betebeharren gainean 1933an Montevideon sinatutako konbentzioa aipatuz, estatu bat izateko lau baldintza bete behar direla azpimarratu zuen, eta Euskal Herriak badituela gehitu: esaterako, besteak beste, lurraldetasuna eta nazioarteko konpromisoak betetzeko gaitasuna erakustea. Estrasburgoko azkenaldiko demokraziaren kontzeptua azaldu zuen, espazio publikoan parte hartzeko tresna gisa eta giza eskubideen errespetuaren gune gisa definituz. Kontzeptu horigure alde eta Espainiaren eta Frantziaren kontra erabiltzea proposatu zuen. Horrez gain, azpimarratu zuen sezesio bidean egon den nazio oro, eta gaur egun estatua dena, bere garaian ez zela independentista, demokratikoa baizik. Eskaera demokratikoetatik sortu zen independentzia eskaera. Azkenik, Europari independentzia eskatzeko bidean zerbait utzi behar dugula esan zuen; adibidez, lehenik independentzia materiala lortuz (euro-erregioa), ondoren independentzia formala eskuratzeko.
Hitzaldi horiek bukatu eta parte hartzaileek egindako galdera ugari zirela medio, falta izan zena denbora izan zen azkeneko lau hitzaldiek planteatutako erronkekin eztabaidatzeko.
Hala ere, Gaizka Arangurenek, mintegian bildutako guztion sentimenduarekin bat eginez, mintegiaren ondorio moduan azpimarratu zuen adostasunak desadostasunak baino handiagoak direla gaur egungo euskal nazionalismoan mintegian irudikatu ahal izan zen bezala: besteak beste, azpimarratu zuen nazionalismo konbentzionala amaitu dela, Euzkadi kontzeptua zaharkitua dagoela eta, beraz, subjektua Euskal Herria dela, helburua independentzia dela eta hara eraman beharreko estrategiak Europako Batasuneko testuingurua kontuan hartuz egin behar dela, nazionalismo desberdinak ordezkatzen dituzten adostasun funtsezko gisa.
Naziotasunaren labirintoa
'Naziotasunaren labirintoa Euskal Herrian' izeneko mintegi itxia egin dute UEUk eta EHUren 'Euskal Nazionalismoa XXI. mendean' masterrak. Abertzaletasunaren hamaika ikuspuntu jorratu eta agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu