Izan ere, legeak onartutako eskubidea da haurrak euskaraz erregistratzea euskara hizkuntza ofiziala den eremuetan. Erregistro Zibilaren Legea 2005ean egokitu zen, eta 23. artikuluak jasotzen du eskubide hori; ondorioz, egun posible da haurrak katalanez eta galegoz erregistratzea. Euskaraz, aldiz, herri batzuetan bakarrik egin liteke. 2008an Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta Espainiako Justizia Ministerioak hitzarmen bat sinatu zuten; haren ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamalau barruti judizialetako herri buruetan jarri zuten haurren erregistroa euskaraz egiteko aukera. Hitzarmenak urtebeteko iraupena zuen, ordea; ez dute berritu, eta ez da beste herrietara zabaldu. Nafarroan, Iruñean posible da erregistroan haurrak euskaraz erregistratzea, baina gainerako herri guztietan ezinezkoa da. Horregatik, ehunka gurasoren eskubidea urratzen ari direla ohartarazi dute Behatokiak eta Usurbilgo Udalak.
Legeak behartzen du haurra jaio eta hilabeteko epean erregistro zibilean erregistratzera. Eta haurra jaio den lekuan edo gurasoak bizi diren lekuan soilik egin daiteke hori. Tarteka gertatzen da herriko Bake Epaitegiak hiriburura bidaltzen dituela erregistroa euskaraz egiteko eskatzen duten gurasoak. Hori gertatu zitzaion Mari Susperregiri. Atzo azaldu zuenez, lehen haurra izan zuenean ez zekien erregistratzea euskaraz egin zitekeenik ere. Izan zuen, ordea, aukera horren berri: 2007an Aretxabaletako (Gipuzkoa) guraso batzuek lortu zuten beren haurra Bergarako epaitegian euskaraz erregistratzea. Liburu berezi bat ireki zuen epaitegiak horretarako. Susperregik, horren berri izan zuelarik, eta bigarren haurra eduki zuenean, Usurbilgo Bake Epaitegira jo zuen, semea euskaraz erregistratzeko asmoz. Donostiara bidali zuten. Donostiako erregistrotik ezezko erantzuna jaso zuen; gaztelania hutsez, gainera. Usurbilgo Udalaren eta Behatokiaren eskuetan jarri zuen kasua orduan. Susperregik bezala egin dute Usurbilgo beste bi amak ere.
Bidea Bergaran ireki, eta Bergaran itxi
2007an Bergaran ireki zen bidea itxita dagoela jakinarazi du Garbiñe Petriatik. Bergarako epaitegiak berak galdera bat egin zion Espainiako Erregistroen eta Notaritzen Zuzendaritza Nagusiariduela bi urte, eta erakunde horrek ez du oraindik erantzun. Harrezkero ez da beste haurrik euskaraz erregistratu han. Bost urtean «oso aurrerapauso eskasak» eman direla eta azken bi urteotan ez dela ezer mugitu salatu du Petriatik. «Denetariko aitzakiak» entzun dituela azaldu, eta eskubideak erabili ezin badira zertarako diren galdetu du Behatokiko zuzendariak. Horregatik, herritarrei eskatu die seme-alabak euskaraz erregistratzen saiatzeko. Horretarako, komeni da eskaera egitea Bake Epaitegian, haurra jaio aurretik mugitzen hasita. Behatokiak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lagun dezakete prozesuan.
Mari Susperregik agerraldira eraman zuen atzo semea, eta negarrari eman zion ama hizketan sumatu zuen orduko. Errekondok ez zuen aukera galdu: «Ikusi dugu nola erantzun behar zaien hizkuntza eskubideen urratzeei». Kexatzea eta eskubideak eskatzea ezinbesteko daUsurbilgo alkatearen esanetan. Horregatik, eskerrak eman dizkie haurrak euskaraz erregistratzen ahalegindu diren gurasoei, eta eskubideen urratzeak salatzera animatu ditu herritarrak. Iragarri du, bestalde, Udalak mozio bat aztertuko duela datorren astean. Herriko Bake Epaitegira eta Madrilera, Erregistro eta Notaritzen Zuzendaritza Nagusira, bidaliko dute mozioa, neurriak «berehala» hartzeko eskatuz.
Motzean
Legea. Erregistroen Legeak 2005ean aitortu zuen haurrak euskaraz erregistratzeko eskubidea.Ezarpena. Herriotako erregistroetan posible da haurren izen- ematea euskaraz egitea: Amurrio eta Gasteiz (Araba); Balmaseda, Barakaldo, Bilbo, Durango, Gernika-Lumo eta Getxo (Bizkaia); Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Irun eta Tolosa (Gipuzkoa); Iruñea (Nafarroa). Gainerako herrietan ezinezko da.
Salaketa. Usurbilgo hiru haur saiatu dira erregistroan izena euskaraz ematen, baina ezin izan dute. Usurbilgo Udalak eta Behatokiak salaketa egin dute, eta EAEko Arartekoari ere aurkeztu diote.
Beste agiriak. Behatokia aztertzekotan dago erregistroko beste agiriak (ezkontzenak, heriotzenak...) zein hizkuntzatan egiten diren.