Negoziatzaile baten aitortzak

'ETA. Las claves de la paz. Confesiones del negociador' aurkeztu du Jesus Egigurenek, Luis R. Aizpeolearekin batera, DonostianAzken hamarkadako prozesuan bizitakoa kontatu du buruzagi sozialistak

Luis R. Aizpeolea eta Jesus Egiguren atzo, liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
Donostia
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Historia ofizialak auskalo zer kontatuko duen; nik bizi nuena kontatu dut, istorio bat neukan kontatzeko, eta banekien jendeari interesatuko zitzaiola». PSE-EEko lehendakariaren hitzak dira, atzo Donostiako Kursaal jauregian eginikoak, ETA. Las claves de la paz. Confesiones del negociador liburuaren aurkezpenean. Luis R. Aizpeolea kazetariarekin batera idatzi duen liburua da, eta biak ziren atzo jendez mukuru zen Kursaal jauregia, Iñaki Gabilondo kazetariarekin batera.

2000. urtetik gaurdaino, Txillarre baserrian Arnaldo Otegirekin hizketan hasi zenetik ETAk urri honetan jardun armatua behin betiko utzi duen arte, Egigurenek elkarrizketa prozesuetan izan duen betekizuna eta prozesu horretan gertatutakoa dira liburuaren muina.

Baina kontatzeko istorio interesgarri bat edukitzeaz gain, eta «arrazoi subjektiboak» albo batera utzita, «Espainiako Gobernuaren defentsan» idatzitako liburua dela nabarmendu zuen Egigurenek, «orduan esan ziren gezur guztien kontra kontatu beharrekoa zen», baina baita gehiago ere: «ETAk armak behin betiko uztea gertaera historiko pozgarria da oso, baina nire kide sozialisten artean txundidura besterik ez nuen ikusten. 'Eta? Zer egin dugu, irabazi, galdu?' zioten askok. Nik esplikatu nahi izan diet demokraziak irabazi duela, guk irabazi dugula. Geneukan helburua lortu dugu: bakea. Eta bakea lortu dugu Patxi Lopez lehendakari dela, eta Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu», azaldu zuen, etorkizunari begira ere idatzi duela eransteko, «etorkizunean zer egin behar den jakiteko oinarri bat edukitzeko».

Liburu «polemikoa»

Liburua argitaratu aurretik ere polemikoa izan dela esan zuen Gabilondok, eta orain edukia jakiten denean «are polemikoagoa» izango dela esan zuen, bereziki Espainian, elkarrizketa prozesuaz egiten diren xehetasunak kontuan hartuta. Aizpeoleak ere onartu zuen duela lau hilabete argitaratu izan balitz izugarrizko burrunba eragingo zukeela Espainian. «Baina orain, hauteskundeak igaro ostean eta ETAk armak utzi dituela jakinik, une aproposa da liburuarentzat».

Genevako, Osloko nahiz Loiolako elkarrizketak azaltzen ditu liburuak, baina Egigurenek ohartarazi du haiek ez zirela «negoziazioak» izan, ez zela negoziazio prozesua abiatu. «Haietan hitz egin zen guztia negoziazio aurreko negoziazioa izan zen. Negoziazioak hasi behar zuenean, berriz, ETAk atzera egin zuen; auskalo zergatik, barne orekan aldaketa egon zelako edo, nik dakit ba! Loiolan ere akordio bat lortu genuen, baina Arnaldo Otegik asteburu bat eskatu zuen akordioa Mahai Nazionalean ikusteko, eta hankaz gora jarri zuten azkenean haiek», azaldu du.

Familia sozialistaz babestuta

PSE-EEko buruzagi, hautetsi, zinegotzi eta militante andana bildu zen liburuaren aurkezpenean. Han izan ziren, besteak beste, Manuel Huertas, Gemma Zabaleta, Iñaki Arriola, Miguel Buen, Jose Antonio Gasco eta Rafaela Romero alderdikide eta emazte duena. Jende ezagun gehiago ere izan zen: CCOOko idazkari nagusiUnai Sordo, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Lokarriko Paul Rios, Luis Haranburu Altuna eta Felipe Juaristi, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.