Hezkuntza

Negoziazioei ekingo diete berriz Nafarroako Gobernuak eta hezkuntza arloko sindikatuek

Bilera egin dute gaur Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta LAB, Steilas, Afapna, CCOO, ANPE, ELA, APS, CSI-F eta UGT sindikatuek.

Hezkuntza arloko sindikatuetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin duten elkarretaratzean. IDOIA ZABALETA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 16a
16:19
Entzun

Hezkuntza ituna adosteko negoziazioei berrekingo diete Nafarroako Gobernuak eta Hezkuntza arloko bederatzi sindikatuek. Hala jakinarazi du LAB sindikatuko ordezkari Alberto Goikoak. Nafarroako Gobernuarekin bilera "ahalik eta azkarren" egitea galdegin du. Baina ez du datarik oraindik. "Deialdia eta proposamena egitea administrazioaren esku dago".

Goikoaren esanetan, gaurko bilkuran gobernuak ez du irakasleen eskola orduak murrizteko konpromisorik hartu. Aldiz, Nafarroako hezkuntza sistemarentzako "egokia" izango den akordio bat lortzeko jarreren "hurbiltzea" eta "irakurketa konpartitua" bilatzeko konpromisoa hartu dute aldeek.

Sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Hezkuntza kalitatearen alde. Murrizketarik ez lelopean.

Steilaseko Amaia Zubietak eta LABeko Alberto Goikoak hezkuntza arloko "murrizketak leheneratzeko" galdegin diete alderdi politikoei, "legealdia amaitu aurretik". Ohartarazi dutenez, lanpostu kopuru "garrantzitsua" suntsitu da azken urteetan sektorean.

Sindikatuek gogorarazi dute gobernuak agintaldi honetan murrizketak leheneratzeko konpromisoa hartu zuela, eta hitza betetzeko eskatu diote. Neurria 2019ko aurrekontuetan islatu behar dela ohartarazi du Zubietak, "gobernu honen ardurapeko azken aurrekontuak" izango direlako.

Egungo testuinguru ekonomikoak "ez du murrizketei eustea justifikatzen", sindikatuen iritziz. "Irakasleei eta ikasleei kalte egiten dien bidegabekeria hori" amaitzea eskatu dute.

Horrez gain, hezkuntza publikoaren finantzaketa bermatuko duen foru legea onartzeko konpromisoa eskatu diete alderdi politikoei, "beharrezko baliabideak" ziurtatuko dituena. Nabarmendu dutenez, Nafarroak sortzen duen aberastasunetik hezkuntzara bideratzen den ehunekoa Europako baxuenetakoa da. Halaber, hezkuntza publikoari babes "esplizitua" adieraz diezaiotela ere eskatu diete alderdiei.

Sindikatuek bilera erronda egin dute talde parlamentario guztiekin, eta "aho batez" jaso dute hezkuntzaren kalitatea indartzeko murrizketak leheneratzearen aldeko jarrera. Hurrengo egunetan bilerak egingo dituzte ikasleen guraso elkarteekin, Eskola Kontseiluko presidentearekin eta ikastetxeetako zuzendaritza elkarteekin.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.