Neguko plana indarrean ezarriko dute bihar

Lapurdiko hiri nagusiek bat eginen dute aurtengo planarekin, larrialdirako ohe gehiago eskainiz

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ostegunean indarrean sartuko da neguko planaren bigarren atala, eta, hari jarraikiz, Paueko Prefeturak hiru ardatz nagusi finkatu ditu: karrikan dauden jendeei aterpea ematea, Baionan beharretan dauden jendeei janari beroa ematea eta karrikan dauden pertsonak biltzeko sistema abian ezartzea. Aurten gizarte laguntzez arduratzen diren elkarteek 69 ohe ukanen dituzte Lapurdin.Angeluko Manuit egoitzan 24 ohe egonen dira, Atherbea eta Antxe egiturek launa toki, Tarnozeko Emmausek 11 ohe eta gainerateko herriko etxeek 30 toki gehiago ezarriko dituzte planaren eskura.

Gaueko Mahaiak afari beroak emanen ditu Baionan, urtero bezala. Iaz, 70 bazkari inguru ematen zituzten gauero. Horrez gain, Bihotzeko Ostatuek janari hotza banatuko dute Ipar Euskal Herriko sei gunetan. Sokorri Katolikoak, eguneko harrera zentroek, Gurutze Gorriak eta Elikagai Bankuak osatuko dute elkarteen sarea. Bertze alde batetik, Miarritzeko gizarte hotela —urterako egitura iraunkorra— ez da irekiko heldu den urte bukaera arte. Beharretan direnak aterpetzeko sistema aldatuko da aurten. Iaz, Gaueko Mahaiaren gunetik bideratzen zituzten. Aurten, aterpeetatik eginen dute antolaketa.

Baionako Elikagai Bankuak janari bilketa egin zuen joan den asteburuan. Ehun tona janari bildu zituen, iaz baino bi tona gutxiago. Janaria biltzen segituko dute, bereziki saltegi handien inguruan. Horien partaidetza ere funtsezkoa da. Iaz, Elikagaien Bankuak negua bukatu aitzin xahutu zituen urterako elikagai guztiak.

Euskal Herri osoan

Euskal geografia osoan dira martxan neguan etxegabeak aterpetzeko egitasmoak, bereziki hiriburuetan. Bilbon atzo Mazarredo kaleko aterpetxea ireki zuten; 50 lagun inguru hartzeko prest da. Gasteizen, astelehenean jarri zuen neguko plan berezia udalak: hamasei leku eskainiko dituzte. Donostian Hotzaldik 40 ohe eskaintzen dizkie kalean daudenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.