Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 83 eta 16 urteko espetxe zigorrak ezarri dizkie bi gizonezkori, gezurrak eta mehatxuak erabilita 24 adingaberen argazkiak eta bideoak eskuratzeagatik eta zabaltzeagatik. 2020tik 2022ra izan ziren gertaerak, eta biktimak 12 eta 15 urte bitarteko nerabeak ziren, gehienak mutilak.
Bi akusatuek webgune bat kudeatzen zuten batera; hartan, adingabeen material sexuala pilatu eta trukatzen zuten. Guztira, 137.221 artxibo zituzten gordeak, gehienak 10 eta 15 urte bitarteko haurren eta nerabeen argazkiak eta bideoak ziren. Horretaz gain, akusatuen etxeetan egindako miaketetan, argazki eta bideo ugari ere aurkitu zituen Poliziak disko gogorretan, sakelakoetan eta bestelako euskarri elektronikoetan.
83 eta 16 urteko espetxe zigorrak ezarri dizkieten arren, ez dituzte beteko. EFE agentziak azaldu duenez, fiskaltzak eta defentsen abokatuek lortutako akordioaren ondorioz, zigorrak askoz ere txikiagoak izango dira. Hortaz, lehen akusatuak 18 urteko kartzela zigorra bete beharko du —19 nerabe presionatzeagatik—, eta bigarrenak, 7 urte eta erdikoa —5 nerabe presionatzeagatik—. Nolanahi ere, akordioari esker, ez da epaiketarik izango, eta biktimek ez dute gertatutakoaren testigantzarik eman beharko berriro.
Profil faltsuak sare sozialetan
Fiskaltzak jakinarazi duenez, bi akusatuak sare sozialen bidez jartzen ziren harremanetan nerabeekin. Profil faltsuak erabilita, haien adinekoak zirela sinetsarazten zieten. Biktimekin harremana eduki nahi zutela aitzakia hartuta, nerabeen telefono zenbakiak lortzen zituzten. Lortu eta gero, argazki sexualak eskatzen zizkieten, gerora haiek ere gauza bera egingo zutela aginduta. Baina gizonek biktimei bidaltzen zizkien argazkiak beste biktima nerabe batzuenak ziren, horiek ere engainu bidez lortutakoak.
Lehen akusatuak argazkiak lortzeko beste bide bat ere bazuen: argazkilari profesionala zela sinetsarazten zien gazteei, eta argazki saioak egiteko baldintza gisa jartzen zien aurretik eduki sexualeko argazkiak bidaltzea.
Material hori eskuratuta, argazkiak argitaratzeko mehatxua egiten zieten biktimei. Nerabeen beldurra eta larritasuna baliatuta, nerabeek materiala bidaltzen jarraitzea lortzen zuten akusatuek. Biktima horietako bat bere buruaz beste egiten saiatu zen presioen ondorioz.