Herriko festetako azken eguna zuten atzo Oiartzunen (Gipuzkoa), eta emakume bati eraso egin zioten. Udalak ohar baten bidez jakinarazi du goizaldera gertatu zela erasoa. BERRIAk jakin ahal izan du 39 urteko gizon bat dela preso hartutakoa; gaur bertan eraman dute epailearen aurrera. Lekuko batzuek kazeta honi agertu diote festa gunean bertan gertatu zela erasoa, eliza inguruan. Jaietan zen jendeak ikusi zuen andrea kolpatzen ari zirela, eta berri eman zioten udaltzaingoari. Neskari erasotzen ari zela atzeman zuten gizona.
Udalak ohartarazi du "larria" izan dela erasoa, eta salatzeko eskatu die herritarrei. Antiju Morik talde feministak egindako deialdiarekin bat egin du herriko etxeak. 19:30ean egingo dute elkarretaratzea.