Covadonga Fernandez Neurokirurgiako tribunaleko presidentea inputatu du Osakidetzako lan eskaintza publikoa ikertzen ari den epaileak, Ana Jesus Zuluetak. Susmopean zegoen espezialitatetako bat zen Neurokirurgia, Neurofisiologiarekin batera.
LAB sindikatuak jarri zuen salaketa Fernandezen kontra, eta epaileak, salaketa aintzat hartu, Fernandez inputatu eta 24 lekuko ere deitu ditu deklaratzera. Deklaratzera deitu dituzten 24 lekukoen artean daude azterketak egin zituzten medikuak, hainbat espezialitatean salaketa aurkeztu zuten profesionalak eta baita bertze espezialitate batzuetako tribunaletako presidenteak eta mahaikideak ere.
Epaileak, lekukoak deitzeaz gain, lan eskaintza publikoari dagozkion txostenak, bileretako aktak eta espedienteak ere eskatu ditu.
Magistratuak zabalik utzi du Osakidetzako aurreko zuzendaritza inputatzeko bidea, legez kanpoko elkartea sortzeagatik, kontratazioan iruzur egiteagatik eta sekretuak zabaltzeagatik.
LABek nabarmendu du Osakidetzako filtrazio eta iruzurrak aspaldikoak direla eta zuzendaritzak bere baliabide guztiak erabili dituela azterketak egin baino lehen «lanpostuen banaketa diskretua» egiteko. Horrez gainera, sindikatuak salatu du filtrazioak azaleratu ondoren ere Osakidetzako zuzendaritza «horiek ezkutatzen eta argitzea oztopatzen» aritu zela.
Bortz kasu auzibidean
2018ko ekainaren 4an azaleratu zituzten mediku espezialisten proban izandako iruzurra azaleratu zuten paperak. Susmopean dagoen lan eskaintza 2016-2017koa da: orain bi urte egin zituzten azterketak. Ikertzen ari diren espezialitateetako prozesua etenda dauka Osakidetzak, eta banatzeko daude lanpostuak. Iruzurraren auziaren ondorioz, dimisioa aurkeztu zuten Osakidetzako bi arduradun nagusiek: Maria Jesus Mujika zuzendariak eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.
Fiskal nagusiak 11 espezialitatetan sumatu zituen filtrazio zantzuak, baina hirutan soilik akusatu zituen arduradun jakin batzuk. Hiru arlo hauek jarri zituen ikerketapean: Anestesiologiako epaimahaikde bat, Angiologiako beste bat eta Digestio Aparatuko epaimahaikide bat. Bi delitu aipatu zituzten auzibidea hasteko autoan: agirien zaintza desleiala egitea —agiri konfidentzialak ondo ez gordetzea— eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zutenei edukia filtratzea—. Kartzela zigorra ekar dezakete delitu horiek. Beste bi arlo ere susmopean jarri ditu epaileak: Neurokirurgia eta Neurofisiologia. Neurokirurgiako tribunaleko presidentea da orain inputatutakoa.