«Neurri prebentiboak» salatu dituzte Europako Parlamentuan

Sorturen legez kanporatzea «arbitrarioa» izan dela azaldu dute Alvarez eta Rouget legelariek

Erredakzioa
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Sortu legez kanporatzeko Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia «arbitrarioa» izan dela eta gisa horretako neurriek Europako ordenamendu juridikoan lekurik ez dutela adierazi dute Juanjo Alvarez eta Didier Rouget legelariek. Europako Parlamentuan eginiko mintegi batean salatu dute Espainiako Justiziak «neurri prebentiboak» erabiltzeko duen joera. Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariak eta François Alfonsi Europe Ecologie koaliziokoak gonbidatuta parte hartu dute mintegian.

Ikuspegi tekniko batetik, Alderdien Legea Europako ordenamendu juridikoaren «aurkakoa» dela azaldu dute bi legelariek, askotariko entzuleen aurrean. Alvarezen arabera, Sorturen kasuan agerian geratu da Alderdien Legean «justiziaren badaezpadako kontzeptu bat dagoela parte hartzeko oinarrizko eskubidea urratzen duena».

Demokrazian sakondu

EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedradunak azaldu duenez, «arbitrarietatea» erakusten duten elementu ugari daude Auzitegi Gorenaren erabakian. Hala, Sorturen estatutuetan oinarritu baino gehiago, Gorenak froga gisa Espainiako komunikabideetan ezker abertzalearen bilakaerari buruz argitaratu diren artikuluak erabili izana kritikatu du. Era berean, Alvarezek parte hartze eskubideari buruzko defentsa sutsua egin du. «Demokrazia ez da hobetzen segurtasunaren izenean pluraltasun politikoaren printzipioa sakrifikatzen bada».

Didier Rougetek, berriz, salatu du Espainiako ordenamendu juridikoan «parekatze sinplista» bat egin dutela ideien eta indarkeriazko ekintzen artean. Nabarmendu du, halaber, «itxaropenerako eta bakea lortzeko aukera» sortu dela Euskal Herrian; aukera hori sendotu dadin, ezker abertzalearen legeztatzea faktore garrantzitsua izango litzatekeela defendatu du.

Azkenik, Izaskun Bilbaok europarlamentariei gogorarazi die Euskal Herrian ere oinarrizko eskubideak urratzen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.