Martin Steiner. Gipuzkoako hondakin planaren egileetako bat

«Neurriz gaineko proiektu bati beste tamaina bat eman diogu»

Europako Inbertsio Bankuaren maileguarekin ordain daitezke Gipuzkoako hondakinen tratamendurako plantak, Steinerren arabera.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Oso nekatuta» bukatu zuen asteartea Martin Steinerrek (Viena, Austria, 1960), Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planaren egokitzapena egin duten adituetako batek. Hain zuzen, herenegun aurkeztu zuen plan moldatua Batzar Nagusietan, eta «harrituta» dago hondakinen inguruko eztabaidak herrialdean sortu duen giro petralduarekin.

Gipuzkoan eztabaidagai nagusi bilakatu dira hondakinak. Zer deritzozu?

Ezohikoa da hemen ikusi dudana, eta faktore garrantzitsu batzuk ez dira eztabaidatu. Esaterako, orain hasi da nabarmentzen dezentralizazioaren garrantzia. Hondakinak atez ate biltzeko sistemaren inguruko eztabaida erabat politikoa izaten ari da hemen, eta zaila egiten zait ulertzen. Aukerek erlijioak dirudite, eta horrelako polemiketan ez naiz fededuna.

Zertan nabaritu duzue indarrean dagoen plana aldatzeko beharra?

700.000 biztanle inguru ditu Gipuzkoak; eztabaida politikoak eta bilketa sistemaren ingurukoak alde batera utzita, errauste planta egiteko inbertsioa erokeria bat da; neurriz gainekoa zen. Errauste planta batek jasoko duen zabor tona bakoitzeko 750 euroko inbertsioa egin ohi da, baina, Zubietako proiektua aztertu nuenean, antzeman nuen tona bakoitzeko 1.000 euroko inbertsioa egin zela. Hori biderkatzen baduzu bertan erre nahi ziren zabor tonengatik, eskola bikainak eraiki litezke gainkostu horrekin. Planaren egokitzapenean, beste tamaina bat eman diogu neurriz gaineko proiektu bati.

Plan berriaren aurka azaldu dira oposizioko alderdiak. Haien iritziz, zabortegiek ez diote erabateko irtenbidea ematen hondakinen aferari; errauste plantak, aldiz, bai.

Hondakinak egonkortzearen ideia da garrantzitsuena. Zaborrei bi irtenbide eman dakieke: biologikoki egonkortzea edo erretzea. Eta bi prozedurek sortzen dute errefus bat zabortegietan bildu behar dena. Errauste plantek sortutako eskoria ere zabortegietara eraman behar da. Beraz, errauste plantarekin ere zikloa ez da ixten, ez da konponbide integrala. Argudio erlatiboa da.

Zabortegi berriak zabaldu beharko al dira zuek diseinatutako estrategia indarrean jarriz gero?

Zein da arazoa? Gizarteek existitzen direnetik sortu dituzte zabortegiak. Gakoa da zabortegietan biltzen den hori egonkortua egotea, gai toxikoak eta abarrak kentzea. Hori da Europako Batasunak eskatzen duena. Eskoria birzikla daitekeenaren ustea naif samarra da. Izan ere, zepa erabili izan dute menditsuak ez diren herrialdeetan, baina hemen eskoriak ez luke izango irtenbiderik; mendiak ustiatzetik ateratako material industrialekin lehiatu beharko luke.

Europako Inbertsio Bankuak (EIB) 195 milioi euroko mailegua eman zion Gipuzkoari, besteak beste errauste planta bat eraikitzeko. Zer gertatuko da diru horrekin, errauste planta egiten ez bada?

EIB horixe da; banku bat. Eta mailegu bat eman du, ez berme bat. Banku batek dirua saltzen du, eta gutxieneko tamaina bat duten proiektuei ematen dizkie maileguak. Pentsatu auto garesti bat erosi nahi duzula, baina kreditua lortu ondoren jabetzen zarela merke bat baino ezin duzula erosi. Arazo bat dago hor, baina konponbidea du. Mailegu hori berriz diseinatzea proposa dezake bankuak. Nik gomendatuko nuke EIBra joan eta egoera azaltzea, bankuari ere komeni baitzaio.

Emandako mailegua erabil al daiteke plan berrian proposatutako azpiegitura sarea finantzatzeko?

Noski. Soilik errauste plantak egiteko banku bat izango balitz bezala jokatuko balu, bankua ez litzateke oso argia izango. Berriz diot: banku bat banku bat da, eta berdin dio zertan erabiltzen duzun utzi dizun dirua. Nahi duten guztia da diru hori bueltan joatea.

Zabortegiak itxiko dira, errauste planta ez da eraikiko eta Bizkaiak utzi egingo dio Gipuzkoako mankomunitateen hondakinak jasotzeari. Zeintzuk dira diputazioak epe motzera hartu beharreko neurriak?

Plan berrian jasotakoa ezartzen hasi beharko litzateke lehenbailehen, baina badakit hori zaila izango dela borroka politikoak jarraituko duelako. Uste dut aurreko proiektua jada hilda dagoela; hilda zegoen hasieratik, hain proiektu handia egin zenetik. Ez dut uste indarrean dagoen proiektua askok defendatzen dutenik, baina gerta daiteke horiek galarazi nahi izatea plan hau aurrera ateratzea. Hori da egoerarik okerrena Gipuzkoarentzat. Edonola ere, eredu berria dezentralizatua denez, askoz errazagoa eta azkarragoa da ezartzen. Diputazioaren eta oposizioaren arteko konpromiso bat beharrezkoa da, eta uste dut datorren astean egingo duten eztabaida ezberdina izango dela. Plan zaharra hilda dago, eta Bilduk azken kolpea baino ez dio eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.