«Neutraltasunaren» izenean

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak onetsi du enpresa batek langile musulman bati zapia soinean zeramala aritzeko jarri zion debekua. Belgikako justiziak helarazi zuen auzia

Euskal Herriko andre eta gizon musulmanak batzar batean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Neutraltasuna. Lehen lerroan ipini du hitz hori EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak plazaratu berri duen epai batek; izan ere, onetsi egin du enpresa batek langileei orotariko ikur politiko, filosofiko edo erlijiosoak agerian eramatea debekatzea. Era horretan erantzun dio Belgikako enpresa batean —GS4, alor pribatu eta publikoan ari da— lanera zapia soinean zuela joaten utzi ez ziotela argudiatu zuen andrazko musulman batek adierazitako kexuari. Izan ere, sententzian nabarmendu dutenez, enpresak «neutraltasun» eskari hori langile guztiei ezarri zien, eta horrexegatik da debekua onargarria.

Samira Axbita da auzibidea hasi zuen andrazkoa. 2003an hasi zen lanean konpainian, harreragile lanetan, eta hiru urtera jakinarazi zuen lanera zapia jantzita joateko asmoa zuela. Orduan adierazi zioten lantokiko arduradunek «neutraltasun» erabatekoa erakutsi behar zutela langileek kanpoko itxuran. Gaixoaldi baten ostean lanera itzultzera zihoala, zapiarekin agertuko zela berretsi zuen langileak, eta, orduan, enpresak araudi bat zehaztu zuten propio ikur klase oro galarazten zuela adierazteko. Araudi hori onartzeko prest agertu ez zenez, kaleratu egin zuten. Kaleratzea bidegabea izan zela iritzita, auzitara jotzea erabaki zuen emakumeak. Eta Belgikako justiziaren ekimenez heldu zen auzia Europako Batasuneko Justizia Auzitegira; enpresaren jokabidean diskriminazio zuzenik zegoen argitzeko eskatu zion. Orain, sententzian emandako irizpideen araberako epaia zehaztu beharko dute Belgikako magistratuek. Badira argitzeko kontuak; epaiaren arabera, enpresak ez zuen «zuzenean» erlijioa argudio gisara hartuta inor ere baztertu, baina onartzen du «ustez neutroa den» betebehar horrek eragozpenak sor diezazkiekeela erlijioren bat edo uste sendoak dituzten pertsonei.

EBko erakundearen arabera, halaber, Belgikako Justiziak beste hainbat kontu ere hartu beharko ditu aintzakotzat auzia epaitzeko orduan: esaterako, enpresak langile hori kaleratu aurretik ere gaiari buruz zer-nolako araudia zuen tentuz aztertu beharko da, eta langileari, kaleratu beharrean, bestelako aukerarik eskaini zitzaion ere bai: alegia, jendaurrean egon beharra ekarriko ez zion lanik eskaini ote zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.