Zortzi urteko espetxe zigorra ezarri berri dio Espainiako Auzitegi Gorenak Ekaitz Samaniegori (Gasteiz, 1990), baina seguru dago deliturik ez duela egin, lan politiko eta soziala egiteagatik espetxeratuko dutela, herrian jatorri politiko askotako jendearekin egiten ari den lana «eteteko». Itxialdian dago egoera salatzeko, beste 70 bat lagunekin, eta elkartasun handia jasotzen ari da egunotan. Atzo, gizarte eragileetako ordezkarien babesa jaso zuen.
Itxialdian zaude astelehenetik, Los Angeles elizan. Zertarako?
Auzitegi Gorenaren zigorra jakin genuenean, izugarrizko erantzuna sortu zen bat-batean, oso modu naturalean; mugimendu askotako eta jatorri desberdinetako jende piloa batu zen berria jakin genuen egunean bertan. Jendea biltzen hasi zen, nik uste dut amorruak eta lan egiteko gogoaren nahasketak eraginda. Oso erantzun azkarra eta jendetsua izan zen. Biltzen hasi ginen, eta ikusi genuen «aski da» modu sendo batean esateko beharra dagoela, bai kasu honen inguruan eta bai etor daitezkeen gainontzekoen inguruan. Itxialdiaren lan moldea auzolan polita izan zitekeela iruditu zitzaigun, eta prestaketa lanetan hasi ginen. Hori gauzatzen ari da orain.
Jende asko bildu zarete. Espero zenuen horrelako erantzunik?
Esperantza genuen gehiago; ahalik eta jendetsuena izateko nahia, pentsamendu askorengana iristekoa, eta ohikoa ez den jendea ere guregana erakartzekoa. Eta erantzuna izugarria izaten ari da. Elkartasun gunera etortzen ari diren norbanako eta kolektiboak zenbatezinak dira; bai Gasteiztik eta bai Euskal Herritik etorritakoak. Elkartasunezko bisita asko izaten ari gara: janariarekin, edariarekin eta hemen behar ditugunekin eskuak beteta, jendea etorri eta etorri ari da. Mobilizazioak ere ederrak izaten ari dira.
Une batetik bestera zortzi urterako espetxeratzeko arriskuan zaude. Nola egiten zaio aurre horri?
Auzia hasi zenetik, bi urte daramat dagoeneko baldintzatuta, maila pertsonalean edo lan egiteko orduan, esaterako. Hala ere, epaiaren hasierako kolpearen ondoren, familiarekin jasandako une txar horien ondoren, elkartasun uholde hori etorri da, besarkadak, musuak. Eta hemen zerbait egiten ari den sentsazioak, denon artean egiten ari garen hau horrenbeste fruitu ematen ari dela ikusteak inpotentzia eramangarriago egiten du. Ez hori bakarrik: irribarre asko atera dizkigute egun hauetan.
Baduzu espetxea saihestuko duzun esperantzarik? Badago aukerarik?
Ez. Halako egoerak berriz errepikatuko ez diren etorkizun bat irekitzen ari dela sentiarazten digu gaur egungo egoerak, baina oraindik bide luzea gelditzen da horretarako, eta pazientzia handia beharko dugu, batez ere ikusita Espainiako Estatuak eta Eusko Jaurlaritzak zein jarrera hertsia duten. Beraz, uste dut ni espetxeratuko nautela, tamalez pazientzia beharko dela eta halako beste auzi jendetsu batzuk etorriko direla. Baina, tira, ez dugu utzi behar halakoak debalde izan daitezen. Kalera irten behar dugu, lanean jardun behar dugu, zuzenki denoi egiten digutelako eraso gutariko bat lan politiko edo soziala egiteagatik errepresaliatua izaten ari denean.
Zergatik espetxeratuko zaituzte?
Militantzia politikoagatik espetxeratuko naute, argi dut. Norbait agian tematuko da nik egin omen dudan ekintza bat aipatzen, dena ETA dela dioen lelo zahar horretan, baina nik oso argi daukat lan politikoa egiteagatik noala kartzelara. Lan politiko zabala egiteagatik, gainera; ez bakarrik ezker abertzalearen ildoan, baizik eta nire herrian jende desberdin askorekin lan politiko eta soziala egiteagatik. Bide hori eten nahian etorri zaizkit, beste askori gertatu zaion moduan.
Zein dei zabaldu nahiko zenuke momentu hauetan?
Barruan sortzen zaigun amorru horrek, halakoak behingoz bukatzeko nahi handi horrek kalean egon behar duela eta gure herriak mobilizaturik egon behar duela; jadanik ezin dela utzi kasu bakar bat ere hedabideek sortutako itzalpe horretan, baizik eta baliabide eta esku guztiak jarri behar ditugula honi ahalik eta azkarren bukaera emateko.
Ekaitz Samaniego. Espetxeratzear duten gaztea
«Nik oso argi daukat lan politiko eta soziala egiteagatik noala kartzelara»
21 urte ditu, eta zortzi urterako kartzela zigorra jaso du Segikoa izatea eta kale eraso bat egitea egotzita. Itxialdian dago, eta jasotzen ari den babesak erabat indartu du. Pazientzia eskatzen du, eta lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu