Jon Urbe / Foku
Bost mendeko sustraiak ditu Olaetxea baserriak. Dotorea da, harrizko pareta sendoak ditu, eta fundatu zuenak haren abizena hartu zuen. Haren ondorengoen ondorengoa da Lourdes Olaetxea (Zaldibar, Bizkaia, 76 urte), bertan jaioa, bikotekidea bertara bildutakoa, eta seme-alabak bertan hazitakoa. «Nire familiak bostehun urte egin ditu hemen. Zeinek atera gu hemendik? Bada, honek atera gaitu, eta bolada baterako izango da. Ni ez naiz joan, ni bota egin naute». Verterren zabortegiko hondamendiaz mintzo da, azken bi asteetako gauak Eibarren igaro baititu. Besteak beste, debekatuta duelako etxean sartzea, eta berak ere ez ditu gauak bertan igaro nahi oraingoz. «Berriz ere jausteak ematen dit beldur. Eta, lehen, euri barik erori zen; orain euria egingo balu, zer? Ez daukagu segurtasunik».
Eitzaga Zaldibarko auzoan dago baserria. Luiziaren azpian ageri dena da, eta, autobideak eta Ermuko saihesbideak gelditu izan ez balituzte, lur eta zaborrak gainera eroriko ziren. Une hartan etxean zen Olaetxea, ahizparekin, eta ez ziren konturatu, baina berehala iritsi zen Ertzaintza eta etxetik atera zituzten. «Korrika atera, eta ezin ginela sartu esan ziguten. Berez ezin gara sartu, baina senarra eta biok etortzen gara, txakurra ateratzeko eta... Hark ez du errurik, beste batzuena da».
Orduak egiten ditu etxean; elkarrizketa hau ere han egin du, baina sentsazio arraroa du. «Kezka dut; nire etxea da, eta sendoa da, baina beste luizi bat etorriko balitz, ez dakit aguantatuko zukeen. Bide batez, hemendik esker ona adierazi nahi nieke Eibarko etxea utzi digutenei». Kezka du, eta harridura ere bai. «Galarazita dugu egotea, baina hor gainean jende asko dago lanean, eta autobidea irekita dago. Gu arriskuan bagaude, haiek ere bai. Badirudi garrantzitsuena autobidea irekitzea dela».
Baserriak errekatxoa du; behinola han egondako burdinolak eman zion izena. Sagardoa ere egiten zuten prentsan, baina hori iragana da. «Goiko sagarrondoak ere eraman zituzten». Eraman? Nora? «50.000 metro desjabetu zizkiguten autobidea egiteko. Han genituen zuhaitzak. Autobidea egin zuten lehendabizi; gero, Aixolako urtegia, eta duela bi urte, Ermuko saihesbidea alboan». Gelako leihoak itxita bizitzen ohitu dira, gau eta egun baitute trafiko zarata.
Olaetxearentzat ez da erraza hitz egitea. Gertu dago dena, eta «asimilatzeke» du oraindik. Amorru, beldur eta etsipen konbinazioa da. Kazetarien eta telebista kameren joan-etorriak ere ez du laguntzen. Hala ere, informazioa falta zaiola sentitzen du. «Informazio ofiziala nahi dut. Hona etor daitezela eta azalpenak jaso. Zer? Nola? Noiz arte? Etxera Zaldibarko zinegotzi bat baino ez da etorri, eta Jaurlaritzak ordezkariak bidali ditu auzora, bileretara, guztientzat hitz egitera. Baina guk ez dugu azalpen zuzenik jaso, eta gu gaude etxera itzuli ezinda».
Olaetxeak ondo zekien zabortegia gainean zuela. Kamioi mugimendu asko ikusten zuen, baina ez zuen uste hain handia zenik. Jabea ere ezagutzen du, aspalditik. Auzokoa du, eta harekin askotan hitz egindakoa da. Izan ere, etxekoak proiektua oztopatzen saiatu ziren 2007an. «Abokatua hartu eta helegitea jarri genuen, baina auzoko bakarrak izan ginen. Gehiago izan bagina, nork jakin. Alferrik izan zen, behin goikoek baimena emanda...».
Etxetik kanpo bolada bat egin beharko du, eta ez du fede handirik Justizian. Beraz, ez dio asko eskatzen etorkizunari. «Hau guztia ondo uztearekin konformatuko nintzateke, eta zikinkeria hori ken dezatela. Nire etxean seguru egon nahi nuke; ez da asko eskatzea, semeak eta ilobak lasai hartu ahal izatea». Eta, hala ere, badaki dena ilunagoa izan zitekeela. «Ni txarto nago, baina desagerturiko langileak okerrago daude; haiek, eta haien familiakoak. Ez dugu haiekin ahaztu behar».