Noam Chomsky pensalariak Euskal Herrian ETAren adierazpenaren ondoren sortu den egoeraz esan du ETA ez zela hutsetik sortu, "errepresio eta jazarpenetik baizik", eta barkamena bi norabideetan eskatu beharko dela gaineratu du: "ETAk barkamena eskatu beharko luke baina talde hori garatu zen errepresio sistemak ere barkamena eskatu beharko luke". Vudeo ikus-entzunezkoen herri plataformak eskegi duen bideoan egin ditu adierazpen horiek.
Irlandako gatazkarekin alderatu du Chomskyk Euskal Herrikoa, eta horretatik ikas daitekeela dio. "Azkenean Ingalaterran, indarkeria gehiagorekin erantzun beharrean, gertatzen zenaren arrazoiak zeintzuk ziren galdetzen hasi ziren. Irlandarren eskakizunei kasu egin zietenean elkarlana eta negoziazioa iritsi ziren. Horrela iragan ziren gerra leku batetik, gatazka bai baina indakeriarik gabeko egoera batera".
Euskal Herrian ere eskaerak eta kexuak zilegi direla dio Chomskyk. "Eskaera eta kexu horiei enpatiarekin eta modu eraikitzailean erantzuten badiezu indarkeriak babesa galduko du eta akordioak lortuko dira". Etorkizunari begira iragarpenak egiteak zentzurik ez duela dio, garrantzitsuena ETAren adierazpenaren ondorioak direla, baina elkarrizketaren amaieran dio akordioak lortuko direla Euskal Herrian ere. "Atzera begiratu eta bi norabideetan barkamena eskatu beharko da".