KONTSUMO OHITUREN ALDAKETA

«Nonbait egin behar da arratsaldea»

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO / LEIOA
2004ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Asteazken arratsaldea da, eta Leioako Artea merkataritza guneko goiko aparkaleku handia ia beteta dago. Bozgorailuetatik musika entzuten da, eta kontsumitzaileen joan-etorria etengabekoa da. Batzuk merkataritza gunerako bidean doaz, eta besteak, eskukada poltsa batekin euren autora.

Aparkalekuan bertan topatu ditugu Andoni eta Carmen Bilboko bizilagunak. Beste askok bezala, haiek ere erosi dute zerbait. «Gaur arratsaldean jai dugu biok, eta oraindik merkealdira etortzeko astirik izan ez dugunez, gaur etorri egin gara. Ez dugu gauza handirik erosi, gustuko gutxi zegoelako», esan du Carmenek. Azaldu dutenez, sarri joaten dira merkataritza guneetara; gehienetan Arteara edo Barakaldoko Max Centerrera. «Niri, behintzat, Bilboko dendetan ibiltzea baino gehiago gustatzen zait. Erosoagoa da, eta, gainera, denbora gutxiago behar duzu dendetan zer dagoen ikusteko eta erosteko. Biok gaude lanean, eta denbora justuarekin ibiltzen gara beti», azpimarratu du Carmenek. «Gainera, bide batez etxerako erosketak ere egin ditugu. Leku berean dena edukitzea oso erosoa da guretzat», zehaztu du Andonik.Aurrera eginda, 20 urte inguruko neska koadrila bat dago, ate aurrean. Sestaokoak direla agertu dute. «Goizetik joan gara, eta aspertu gara hainbeste ordu etzanda egoteaz. Zinemara etortzea pentsatu dugu. Zer dagoen ere ez dakigu, baina arratsaldea nonbait egin behar da, ezta?», dio Ainarak. Erosketaren bat egiteko asmorik duten ere galdetu diegu. Ezetz erantzun dute denek, baina dendetan zer dagoen ikusteko asmoa dutela nabarmendu dute. «Ikusteagatik ez da ordaindu behar, eta, batek daki, oso gustuko zerbait ikusiz gero prezio onean...», esan du taldeko neska batek. «Bai, baina nik nahiago dut Bilboko denda batzuetan arropa erosi. Horrelako dendetan arropa denda kate handiak dira dagoena ez dut gogoko, eta nahiago dut beste mota bateko dendetara joan», erantzun dio beste neska batek.Merkataritza gunera sartu, eta aire girotuak kaleko beroa apaltzen duela nabari-nabaria da. Musika ozenago entzuten da barruan, eta aparkalekuan ematen zuena baino kontsumitzaile gehiago dabil hara eta hona. Kafetegian ere gainezka daude, batez ere izozkien denda. Bere adin bertsuko emakume talde batekin dago Idoia, kafea hartzen. Umea inguratu zaio, negarrez. «Hemen lasai egon gaitezke. Hor behean umeek jolasteko leku bat dute. Hor uzten ditugu, guk kafea hartzen dugun bitartean. Laster, etxera goaz berriro, Getxora. Autoa izanda, oso erosoa da hona etortzea», nabarmendu du Idoiak.

Bilbon jende andana,baina poltsa gutxi

Autoa hartu, eta Bilborako bidea hartuta, auto ilararik ez da ageri A-8 autobidean. Dena dela, ohikoa den bezala, Santander aldera autoen pilaketak daude. Arratsalde hasieran arazoak izan dira Bilboko erdigunera sartzeko, baina ez zen bestelako arazorik. Zabalburu plazan egingo duten lurpeko aparkalekua dela-eta, kale batzuk itxita daude, eta kostata izan bada ere, heldu gara Zazpikaleen ingurura.

Autoa utzi, eta, beste guztiek bezala, ordaindu egin behar izan dugu. Bero egiten du, baina ez gehiegi. Zazpikaleetan jende asko ikusten da, euretako batzuk erosketak egiten izan direla igartzen da, poltsekin doazelako; baina ez dira horrenbeste. «Niri berdin zait Zazpikaleetan edo merkataritza gune batean erosi, gauza berberak topatzen ditudalako. Baina gaur autorik ez nuen, eta autobusez etorri behar nuenez Galdakaotik, Bilbora etorri naiz», esan du Maitek. Dena den, merkataritza gune batera joatea «erosoagoa» egiten zaiola aitortu du, dena eskura eta hurbil duelako. «Baina Bilbora etortzea ez zait gehiegi kostatzen. Autobusean berehala sartzen naiz Bilbon, eta beti denda berberetan erosten dudanez, ez dut denbora gehiegi galtzen», gaineratu du.San Anton elizaren aurrean dagoen supermerkatutik irten berri da Luisa. Bertan egiten omen ditu erosketak ia egunero. Inguruan bizi da, eta berarentzat erosoena hori dela aitortu du. «Batzuetan pena ere ematen dit merkataritza gune handietara joateko aukerarik ez izateak. Etxera heltzen zaidan publizitatean gauza batzuk nik erosten ditudanak baino merkeago ikusten ditut, baina ezin joan», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.