Andoaingo Udalaren (Bildu) iritziz, bizkartzainei udal eraikinetan sartzea debekatzen zien neurria «normalizaziorantz egin beharreko urrats egokia» zen. Hala ere, jakinarazi du Bilduren udal taldeak PP eta PSE-EErekin lortutako akordioa onartzea erabaki duela, «kontsensua delako politika egiteko biderik aberatsena». Akordio hori dela eta, zinegotzien segurtasunerako beharrezkoak diren probak egiteko udaletxean sartuko dira bizkartzainak, eta eraikina ikuskatu ondoren, irten egingo dira handik.
Bizkartzainak udaletxean sartzeko debekuarekin ez dutela «inolaz ere» zinegotzien segurtasuna murriztu nahi izan nabarmendu dute udal gobernuko kideek, eta «argi eta garbi» adierazi dute hartutako neurria ez dela PPko eta PSE-EEko zinegotzien kontrako «zigor politikoa» izan.
Andoaingo Bilduren udal taldeak uste du udaltzainek zaintzen duten udaletxe batean ezin direla «14 bizkartzain armatu» egon, eguneroko martxan «traba egiten dutelako, langileen artean egonezina sortzen dutelako eta herritarrak udaletxetik uxatzen dituztelako».
Hala, udal gobernuak hartutako erabakia «bizikidetza politikoaren bidean udaletxe barruan ere normalizaziorantz egin beharreko urrats egokia» izan dela iritzi diote, eta erabakia «zuzena» izan dela berretsi.
Ana Karrere alkateak, bestalde, nabarmendu du «gaia bere onera ekartzeko» alderdi guztiekin elkarrizketak egingo dituztela, «elkarrizketan sinesten dugulako eta kontsensua delako politika egiteko tresnarik aberatsena», nabarmendu du.
Ainara Rodriguez zinegotziak, berriz, uste du zenbait komunikabidek «artifizialki puztu» dutela gaia.
Euskal Herriko Bizkartzainen Elkarteak neurria salatu du, eta alkatearekin biltzeko eskaera egingo dutela jakinarazi dute.
«Normalizazioak behar duen neurria»
Andoaingo alkateak dio ez zutela zinegotzien segurtasuna gutxitu nahi, eta gaia «puztu» egin dela salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu