Alfonso Karlosena. NUPeko errektorea

«NUPen Medikuntza ezartzea adosten bada, 2019. urterako abian jar dezakegu»

Nafarroako Gobernuarekin hiru urteko finantzaketa ituna sinatuta, bere agintaldiko xedeetako bat bete du Alfonso Karlosena errektoreak. Eskaintza akademikoa ere zabaldu du, eta Medikuntza ezartzeko lanean dihardu. Kritikak jaso ditu, ordea, euskarazko eskaintza urriarengatik.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore kargua hartu zuenetik, aldaketa ugari ezarri ditu Alfonso Karlosenak (San Martin Unx, Nafarroa, 1962). Pozik dago, instituzioaren norabidea aldatzen ari delako pixkanaka.

Iazko ekainean, NUPen finantzaketa desegokiaz eta eskaintza urriaz mintzatu zinen BERRIAri eskainitako elkarrizketan. Hasi al zarete burua altxatzen?

Hala dirudi, bai. Gauza asko egin ditugu azken urtebetean: gradu berriak, aldaketak antolakuntza sisteman, plan estrategikoa... Eta hori guztia, finantzaketa egokiago batek lagunduta. Iazko ekainean, azkenekoz hitz egin genuenean, egoera ekonomiko zailean zegoen unibertsitatea. Lehenbiziko aurrekontuak izan ziren 2016koak, bai niretzat bai lauko gobernu berriarentzat, eta halamoduz prestatu genituen. Oso aurrekontu kontinuistak izan ziren. Aurten, ordea, nabarmen egin du gora Nafarroako Gobernuaren ekarpen ekonomikoak, eta, gainera, datozen urteetarako finantzaketa hitzarmena sinatuko dugu datozen egunetan. Lasaitasun ekonomikoa emanen digu horrek.

Zertan datza finantzaketa hitzarmen berri hori?

Aspaldiko aldarrikapena da NUPen finantzaketa hainbat urtez bermatzeko akordioarena, eta negoziazio luze baten ostean heldu da. Konpromiso handia da, bi aldeen ikuspegitik: bai Nafarroako Gobernuarentzat, hainbat urtez diru sail finko bat bermatu beharko duelako; baita unibertsitatearentzat ere, inork ez baitaki zer gerta daitekeen datozen urteetan, eta, ustekabeko gastuen ondorioz, hitzartutako kopurua eskasa suerta daitekeelako. Oreka lortu dugula uste dut.

Diru kopurua ez duzu aipatu...

Datozen egunetan sinatuko dugu ituna, eta ordura arte, ezin dizkizut xehetasun guztiak eman. Esan dezaket 2020. urtera arteko hitzarmena izanen dela, hiru ikasturte bilduko dituela, eta 2017ko finantzaketa hartuko duela oinarri gisa. Lau ardatz izanen ditu: egiturazko finantzaketa, emaitzen araberako finantzaketa, hobekuntza eta proiektu berrien garapena, eta azkenik, azpiegitura eta ekipamendurako diru saila.

Pozik zaude akordioarekin?

Beti dago diru sail handiagoa eskatzeko tentazioa, baina, oro har, oso pozik gaude, akordio berriak egonkortasun ekonomikoa bermatuko digulako, eta epe luzeko plangintzak egin ahal izanen ditugulako. Zentzuzko hitzarmen bat da, malgua eta unibertsitatearen unean uneko beharrei erantzunen diona. Baina, beste ororen gainetik, pozten nau ikusteak administrazioak bat egin duela unibertsitateaz dugun kontzeptuarekin: alegia, NUPen finantzaketa bermatzea ez dela gastu bat, inbertsio bat baizik. Garapen ekonomiko eta sozialerako ezinbesteko tresna da unibertsitate publikoa, eta hitzarmenak ikuspegi hori islatzen du.

Lau gradu berri eskainiko dituzue heldu den ikasturtean. Zientziaren eta teknologiaren aldeko apustua egin duzue...

Aspaldi egin genuen unibertsitatearen eskaintza akademikoa zabaltzeari buruzko hausnarketa. Zazpi gradu berri proposatu genituen. Horietatik, lau onartu ditu orain NUPeko Gobernu Kontseiluak: Bioteknologia, Zientziak, Datuen Zientzia eta Ingeniaritza Biomedikoa; eta beste hirurak —Historia eta Ondarea, Nazioartekotzea eta Lankidetza, eta Psikologia— datozen hilabeteetan onartuak izanen dira, segur aski. Aipatu duzun bezala, orain onartutako lau gradu horietatik, hiru dira zientzietakoak; eta laugarrena, berriz, ingeniaritzakoa. Alor zientifiko-teknologikoa indartuko dugu gradu berri horiei esker. Gure garapen estrategiarekin bat egiten duten ikasketak dira.

Zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue gradu berriak?

Hiru parametro erabiltzen ditugu, nagusiki: ikasleen eskaria, ikasleak lan merkatuan txertatzeko aukerak eta Nafarroaren etorkizuneko estrategia. Ikasleek zer nahi duten, enpresek zer behar duten eta erkidegoak zer helburu dituen; hiru elementu horiek uztartuta egiten ditugu ikasketa berrien proposamenak.

Zertan da Medikuntza ikasketak ezartzeko prozesua?

Ari gara. Nik behin eta berriz esan dut NUPen Medikuntza gradua ezartzea oso aukera interesgarria dela, eta horren alde ari gara lanean. Dena den, argi izan behar dugu teknikoki oso prozesu konplexua dela, eta unibertsitateak ezin duela erabaki hori bere kabuz hartu. Osasun sistema publikoarekin lotura zuzena eduki behar du horrelako titulazio batek; hortaz, erkidegoaren baliabide materialak eta profesionalak beharko ditugu halabeharrez. Faktore horiek aztertzeko lantalde bat sortu dugu, eta aurki helaraziko dizkigu ondorioak. Txosten hori mahai gainean dugunean, zirt edo zart egin beharko dugu.

Eta aurrera egitea erabakitzen baduzue, noizko ezarriko zenukete Medikuntza gradua?

Erabakia bihar hartuko bagenu ere, ezinezkoa izanen litzateke gradua 2018-2019ko ikasturtean martxan jartzea, baina hemendik bi urtera, zergatik ez? Medikuntza ezartzea adosten badugu, dena prest eduki dezakegu 2019-2020ko ikasturterako. Erabakia hartua badago, hobe auzia gehiegi ez atzeratzea.

Euskararen plan gidaria ere ondu duzue...

Ez dago onartuta oraindik. Zuzendaritza taldeak proposamena egin zuen, gobernu kontseilutik pasatu zen gero, eta, azkenik, ikusgai paratu genuen, unibertsitateko komunitate osoak aukera izan zezan zirriborroa irakurri eta ekarpenak egiteko. Unibertsitatearen jarduna blaituko duen elementu gisa ikusi behar dugu euskara, hori da planaren helburua.

Euskarazko eskaintza eskasa da egun. Handituko duzue?

Bai, baina auzia gaizki planteatuta dagoela iruditzen zait. Eskaintzaz ari garenean, ikasgaiak aipatzen ditugu soilik, eta unibertsitateak euskararen zabalkundeari eta normalizazioari egiten ahal dien ekarpena askoz zabalagoa delakoan nago: euskaraz antolatutako jarduerak, solasaldiak... Aurten, esaterako, Ikergazte kongresua hartu genuen. Hori esanda, nabarmen handituko ditugu euskarazko kredituak datozen ikasturteetan.

Kreditu gehiago eskaini bai, baina ez duzue zehaztu zein ikasketetan. Zergatik?

Oso konplikatua delako. Aldagai eta faktore asko dira, eta plana ontzen ari ginen bitartean, ezin genuen zehaztu. Ikasle euskaldunen banaketa ez da uniformea, eta irakasleek duten euskara maila ere oso faktore aldakorra da. Horregatik, oso zaila da, hainbeste hilabete lehenagotik, euskarazko eskaintza non handituko dugun planifikatzea.

Bi gradu egin daitezke osorik euskaraz. Karrera gehiago eskaintzea planteatu al duzue?

Osorik euskaraz? Ez. Oraingoz ez, behintzat. Ez da bideragarria. Bestelako apustu bat egin dugu: euskarazko kredituak ugaritzearena, ikasle bakoitzak ibilbide akademiko propioa diseinatu dezan, euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez.

Finantzaketaz ere ez du ezer aipatzen euskararen planak...

Planean ez da ezer azaltzen; bai, ordea, Nafarroako Gobernuarekin adostu berri dugun itunean. Beraz, azaldu behar den tokian azaltzen da euskarazko ikasketen finantzaketaren kontua.

Eta zenbatekoa da finantzaketa hori?

Bada, orain ezin dizut esan. Ez ditut diru sail guztiak buruan, baina ziurtatzen dizut euskarazko irakaskuntzari propio egokitutako finantzaketa zehaztuta dagoela 2018, 2019 eta 2020. urteetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.