Hezkuntza

NUPen Medikuntza fakultatea ezartzeko prozesua aztertzeari ekingo dio Nafarroako Gobernuak

NUPen ikasturtearen hasiera ekitaldian parte hartu du Uxue Barkosek

joxerra senar
2015eko irailaren 11
10:55
Entzun

Nafarroako akordio programatikoan datorrenez, lau alderdi sinatzaileek hezkuntza publikoan Medikuntza fakultatea ezartzeko aukera aztertuko dute. Gaur eguerdian, Nafarroako Unibertsitate Publikoak urte akademiko berri bati ekin dio eta inaugurazio ekitaldia hasi aurretik, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak ziurtatu du fakultate hori ezartzeko azterketa prozesuari ekingo diola gobernuak.

NUPen beste erronka bat finantzaketa da. Urtetik urterako aurrekontua izatetik, urte-askotariko finantzaketa plan baten beharra aldarrikatu dute aspaldidanik NUPeko goi karguek. Bere hitzaldian, Alfonso Karlosena errektoreak aipatu duenez, "NUPek ezin du soilik Nafarroako aurrekontu-sail bat izan". Errektoreak gizarte osoaren eta gobernuaren babesa aldarrikatu ditu.

Akordio programatikoan ere badator NUPek urte askotariko finantzaketa plan bat eduki behar duela. Barkosek azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak "babes osoa" azaltzen dio unibertsitate publikoari, eta "apustu estrategikotzat" jo du unibertsitatearen jarduna. Horregatik, "esfortzu bat" egiteko prest azaldu da. "Ez soilik foru gobernuak, beste erakunde batzuk ere bat egin dezakete sendotasun berarekin NUPen finantzaketan".

Ekitaldiak ordu eta erdi iraun du. Barkosen adierazpen batzuk salbu, guztia gazteleraz egin da. Zeremonian erretiratutako langileei eta 25 urtez lan egin dutenei omenaldia egin zaie. Beste berritasun bat Yolanda Barcina izan da. Lehendakaritza utzi ostean, NUPera itzuli da Farmaziako katedradun gisa eta gaurko ekitaldian izan da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.