ODOLAREN OSAGAIAK

2015eko uztailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Odola eman eta gero, laborategian osagaika banatzen dute. Hala, osagai bakoitza hura behar duen eriari ematen diote. Substantzia bakoitzak funtzio bat dauka gorputzean, eta erabilera bat baino gehiago ditu bere egitekoaren arabera. Transfusioak egiteko ez ezik, botikak egiteko ere erabiltzen dira odolaren substantzia batzuk.

GLOBULU GORRIAK

Iraungitze epea: 42 egun

Zer funtzio dute gorputzean? Oxigenoa biriketara eta gainontzeko ehunetara garraiatzeaz arduratzen dira.

Zertarako erabiltzen dira? Besteak beste, anemia larriak eta kronikoak tratatzeko baliatzen dituzte, eta ebakuntzetan odol galerak konpentsatzeko. Transplanteak hartzen dituzten gaixoei ere ematen dizkiete.

PLAKETAK

Iraungitze epea: 5-7 egun

Zer funtzio dute gorputzean? Odol basoak babesten dituzte, horma antzeko bat sortuz.Zauriren bat izandakoan, odol gehiegi ez galtzeko baliatzen ditu gorputzak. Horrez gain, zauriak orbaintzen laguntzen dute plaketek.

Zertarako erabiltzen dira? Besteak beste, kimioterapia hartzen ari diren gaixoek, muineko aplasia dutenek eta aurrerantzean transplante bat izango dutenek hartzen dituzte plaketak.

PLASMA

Iraungitze epea: hiru urte

Zer funtzio du gorputzean? Plasmaren %90 ura da, eta sustantzia ugari daude horretan diluiturik. Besteak beste, infekzioetatik babesten dute gorputza, odoljarioak geldiarazten dituzte eta zelulek ondo funtzionatzeko beharrezko dituzten substantziak garraiatzen dituzte.

Zertarako erabiltzen da? Botikak sortzeko eta zenbait gaixotasunen kontrako antigorputzak indartzeko (tetanosa, hepatitisa, barizela, errabia...). Erredura larriak dituzten eriekin, erditzerakoan odol asko galtzen duten emakumeekin eta Rh negatiboa duten emakumeak Rh positiboa duten haurrekin haurdun daudenean ere baliatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.