Beharrezko jotzen den kasuetan etorkinei abokatu baten laguntza emateko modua jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Ituna sinatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoekin, eta horien bidez kudeatuko dituzte etorkinen eskariak. Laguntza eske Jaurlaritzara jo beharko dute haiek, eta, langileek hala erabakitzekotan, dagokien herrialdeko abokatuen elkargoari emango diote berri. «Konplexutasun juridiko handieneko kasuetan espezialisten laguntza jaso ahalko dute», adierazi du Miguel Angel Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak.
Heldu zerbitzua bertan behera utzi ondorengo egoerari irtenbide bat eman nahi izan dio modu horretara Jaurlaritzak. Iazko uztailean kendu zuen, eta, haren ordezko, telefono bat eta helbide elektroniko bat jarri zituen immigranteen esku. Heldu ixtea atzerapausoa zela salatu zuten hainbat elkartek, eta eskasagoa zela haren lekuan jarritako zerbitzua. Laguntza juridikoaren gaia aipatu zuten horren erakusgarri; Helduk bai, baina haren ondoren jarritako zerbitzuak ez zielakoan horrelakorik eskaintzen etorkinei. Gonzalezek argitu du Immigrazio Zuzendaritza bera aritu dela orain arte etorkinek izan dituzten zalantzak argitu nahian.
Etorkinei «era pertsonalizatuan eta pertsonalean» egingo diete kasu abokatuen laguntzaz, Gonzalezek nabarmendu duenez. «Abokatuen elkargoaren babesak dakarren bermearekin emango dugu zerbitzua». Paperekin lotutako auzietarako prestatu dute laguntza, eta horiekin arazoak dituztenak hartu dituzte jomugan: etorkin papergabeak edo dokumentazioa iraungitzear dutenak. Immigranteek paperak ez galtzea dute zeregin nagusi legelariek.
Abokatuak jartzea bada berritasuna, baina sistema aldatu du, oro har, Jaurlaritzak. Immigrazio Zuzendaritza izango da lehen mugarria; hara jo beharko dute etorkinek. Han erabakiko dute nola bideratu: ahal bada, bertan saiatuko dira arazoa konpontzen, edo, bestela, egin dezakeen beste zerbitzuren batengana bideratuko dute atzerritarra. Arazo juridiko bat baldin bada gaia, orduan emango diote berri abokatuen elkargoari. Legelari bat jarriko da harremanetan etorkinarekin.
Bi hilabete badira abokatuen bidezko zerbitzua abian jarri zutela, eta lehenbiziko datuak eman ditu Jaurlaritzak. Kasu egiteko telefonora 450 pertsonak deitu dute, eta ehun bat jarri dituzte abokatuen elkargoarekin harremanetan. Immigrazio Zuzendaritzan bertan edo beste zerbitzu batzuetan kudeatu dituzte gainerakoak. Helburu hartu duten jende taldeak jo du laguntza eske: paperak izan bai baina iraungitzear dauzkatenak, eta, krisi ekonomikoagatik, beldur direnak kendu egingo ote dizkieten. Hori gerta ez dadin, legelariek ahalmena dute beharrezko paperak egiteko eta helegiteak aurkezteko. Immigrazioan espezializatutako abokatuek emango dute zerbitzu.
Sarea osatzen
Heldu zerbitzua zarratu ondoren, etorkinei kasu egiteko zerbitzuak berregituratzen ari da Jaurlaritza. Administrazioan txertatu nahi izan dituzte etorkinentzako zerbitzuak, hartara «bikoiztasunak» saihesteko. Hori izan zen Heldu ixteko emandako arrazoietako bat, gainerako erakundeen zerbitzu berak ematen zituela. Gaur egun martxan duten ereduan, hiru alorretan dute bereizita etorkinei kasu egiteko sistema: laguntza juridikoari dagokiona, gizarte zerbitzuekin lotutakoa eta zerbitzu osagarria.
Miguel Angel Gonzalezek adierazi du etorkinei ez ezik haiekin diharduten profesionalei eta atzerritarrak lanerako hartu nahi dituzten enpresei ere ematen dietela informazioa. Alor horiek indartzean jarri du hurrengo erronka Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak. Laguntza eske joaten direnei ahalmen handiagoz eman asmo diete zerbitzua.
Immigrazioa
Ofiziozko legelari bat jarriko die laguntzaile Jaurlaritzak etorkinei
Akordioa izenpetu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoekin, beharra dutenek laguntza jasoko dutela bermatzekoHeldu zerbitzuak eskaintzen zuen laguntza juridikoa, baina Jaurlaritzak itxi egin zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu