Ogasunarekin harremana euskara hutsez izateko dute Gipuzkoako 49.234 herritarrek eta 643 enpresak. Diputazioak esan du "datu esanguratsuak" direla, batik bat enpresei dagokiena. Ogasuarekin euskaraz egin nahi dutenen errolda bat egiten ari da diputazioa. Euskara sustatzeko ekimen gehiago hartuko dituztela iragarri du datu horiek ematearekin batera foru aldundiak: euskara lan hizkuntza izan dadin, programa pilotu bat abiatuko dute departamentu batzuetan; bilerak-eta euskaraz egitea du helburu. Larraitz Ugarte bozeramaileak azaldu du sail gehienetan zuzendariak euskaldunak direla jadanik, eta aurrerantzean kargu horretara iristen direnak euskaldunak izatea jarriko dutela irizpide gisa.
Pixkanaka hizkuntz irizpideak kontuan izaten ari direla esan du Ugartek. Adibide gisara, errepide bateko lehiaketan enpresa bat kanpora utzi dutela jakinarazi du, ez duelako bete hizkuntza baldintza bat: obra zuzendariak euskaldunak izatea.
Kanpora begirako harremanetan ere euskara bultzatuko du diputazioak. Prentsaurrekoetan, esate baterako, euskara lehenetsiko dute, eta ez dute agerraldi osoa gaztelaniaz errepikatuko. Kazetari erdaldunei itzultzaileak jarriko dizkiete. "Orain arte euskaldunen hizkuntz eskubideak halamoduz errespetatu dira, eta horrelako pausoekin legea betetzen ari gara", adierazi du bozeramaileak.
Gipuzkoako Aldundia "neurri zehatzak" hartzen ari da "euskara normalizatzeko"
Gipuzkoako Foru Aldundiak, azken batean, esan du "neurri zehatzak" ezartzen ari dela "euskara normalizatzeko bidean". Ugarte bozeramailearen esanetan, "euskara lehentasuna hartzen ari da erakundearen eguneroko lanean eta kanpora begirako komunikazioan".
Euskara normalizatzeko eta euskaraz bizi ahal izateko Aldundiak hartu dituen "konpromiso zehatzen" berri eman dute foru erakundeko arduradunek gaur, prentsaren aurrean. Ugartek adierazi du aurreko legealdietan euskara normalizatzeko araua indarrean egon arren, praktikara eraman gabe zegoela. "Legeak jasotzen duena betearazten ari da orain aldundia".