Ohartarazi dute Madrilek ez duela bete oraindik Eurogutuna

Europako Kontseiluaren Aditu Batzordea Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariekin bildu da, Iruñean.

a
Eragileen eta Europako Kontseiluaren Aditu Batzordearen arteko bilera, gaur, Iruñean. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
2024ko urtarrilaren 18a
19:03
Entzun

Europako Kontseiluaren Aditu Batzordeko ordezkaritza bat Iruñean daude egunotan, Eurogutuna Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioaren VI. ebaluazioa egiteko. Gaur, besteak beste, EAEko eta Nafarroako arartekoekin, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako gobernuetako arduradunekin, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batu dira. Azken horiek biek ohartarazi zieten Espainiako Estatuan ez dutela oraindik ere betearazi Eurogutuna.

Kontseiluak eta Behatokiak ohar bidez azaldu dutenez, bileran zenbait arlotan dauden urraketen berri eman diete: justizian, administrazio publikoetan, hezkuntzan, kulturan, komunikabideetan eta eremu sozioekonomikoan.

Justizian, esaterako, uste dute Espainiako Estatuak ez dituela betetzen eginbeharrak: «Botere Judizialaren Lege Organikoak talka egiten du gutunaren 9. artikuluan ezarritakoarekin, hau da, prozedura penal eta zibilak euskaraz egin ahal izango direla bermatu behar dela aldeetako batek hala eskatuaz gero. Izan ere, gaur-gaurkoz, ez da inondik inora bermatzen prozedura hauek berme guztiekin eta berdintasun egoeran euskaraz egin ahal izatea».

Administrazio publikoan sumatu dituzten gabezien berri ere eman diete; izan ere, Kontseiluari eta Behatokiari iruditzen zaie langileek bi hizkuntza ofizialak ez jakiteak oztopatu egiten duela herritarrek zerbitzuak «berdintasunean» euskaraz jasotzea. 

Eta hezkuntzari ere erreparatu diote. Batzordeko arduradunei berri eman diete euskaraz ikasteko zailtasunak daudela —batez ere, Nafarroan—. 

Horiek horrela, Eurogutunean ezarritako xedeak betetze aldera, aldarrikatu dute ezinbestekoa dela Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea: «Helburuak betetzeko, beharrezko ikusten dugu euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea, eremu bakar batera mugatu beharrean».

Euskararen aurka indarrean dagoen oldarraldia ere izan dute hizpide, eta eragileek eskatu diete sententzia sorta horren inguruko ohartarazpena egin dezatela. Hain zuzen, balorazio guztiak bildu ostean, Adituen Batzordeak txosten bat idatziko du. Hori Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeari helarazi ondoren, Espainiako Estatuko administrazioei aholkuak edo proposamenak bidaliko dizkiete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.