Ikaragarria izango dela diote antolatzaileek. Eta, datu guztien arabera, hala izango da; historikoa. Egin Dezagun Bidea mugimenduak euskal presoen eskubideen alde antolatutako Herri Mobilizazio Orokorrak Bilbon sekulako jendetza bilduko duela dirudi. Deialdiak jaso duen atxikimendu andana adierazgarria da oso: 15.000 babes baino gehiago jaso ditu protestak; horietatik 600 inguru, nazioartetik. Martxara joateko herrietatik antolatutako autobus kopurua are argigarriagoa da: 300 autobus baino gehiago antolatu dituzte Euskal Herriko txoko guztietatik.
Autobus guztiak hartuta
Ohi baino askoz ere autobus gehiago joango dira Bilbora, eta herri askotan marka guztiak hautsi dira. Nafarroatik, esaterako, 70 autobus abiatuko dira Bizkaiko hiriburura eguerdi aldean, eta Arabatik 25. Araban, garraio enpresek dituzten autobus guztiak hartuta, normalean erabiltzen ez diren bi autobus bikoitz jarri behar izan dituzte enpresek.
Gipuzkoan ere zerbitzuan dauden autobus guztiak hartu dituzte protestariek; herrialde osoan ez dago autobusik libre. Hala ere, eskaria etengabe hazten ari zela eta, beste lurraldeetako autobusak alokatzen saiatzen ari ziren antolatzaileak azken orduetan. Sekula baino jendetza handiagoak eman du izena zenbait herritan. Zarauztik, esaterako, bederatzi autobus abiatuko dira Bilbora, eta Oñatitik, zortzi.
Halako mobilizazioetarako sekula autobusik antolatu ez den herri askotan ere lehen aldiz bete dituzte lekuak. Berriatua Bizkaiko herri txikitik bat antolatu dute, adibidez, historian lehen aldiz, eta Eatik, bi.
Euskal Herritik kanpoko jendea ere izango da gaurko mobilizazioan. Kataluniatik bi autobus etorriko direla jakinarazi dute. Aragoitik eta Madrildik jendea autoetan antolatu dela ere bai.
Aurrez hasitako mobilizazioa
Gaur 17:30ean hasiko da historikoa espero den manifestazioa Bilboko Casillatik, eta udaletxean amaituko da. Aurrez, halere, mobilizazio orokorra nabaritu da hainbat herritan. Gaurkoari babes emateko ekitaldi ugari antolatu dira, eta protestarekin bat egiten dutela adierazteko, 90 bideotik gora egin dituzte txoko guztietako herritarrek.
Presoen egoera
Ohi baino jende gehiago espero da gaur Bilbon
Egin Dezagun Bidea mugimenduak presoen eskubideen alde antolatutako manifestazioa Bilboko Casillatik abiatuko da 17:30eanSekula baino autobus gehiago antolatu dira martxarako: 300dik gora Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu