Oier Oa Puyol joan den astean Angelun (Lapurdi) atxilotutako Donostiako gaztea espetxeratzeko agindu du Parisko Auzitegiko epaile batek, «talde terrorista batekin lotura izateagatik»; hain zuzen ere, epaileak leporatu dio atxilotu zutenean agiri faltsuak eramatea, agiri horiek «talde terrorista» batekin zerikusia edukitzea eta atzemandako dirua «helburu terroristetarako» izatea.
Epaileak, halaber, Ximun Duhour auzipetu du, etxean Oa hartu zuelakoan. Herenegun atxilotu zuten Duhour, eta haren etxea miatu zuten. Deklaratu ondoren, libre utzi zuten.
Frantziako Poliziak duela astebete atxilotu zuen Oa, Angelun, hango hondartza inguruetan bizikletan zihoala. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera, atxilotu zutenean motxila bat zeraman, eta barruan agiri faltsuak, Guardia Zibilaren agiri faltsu bat eta dirua atzeman zioten. Espainiako komunikabideek, Poliziako iturriak aipaturik, zabaldu zuten Oak ETAko kide gisa aurkeztu zuela bere burua.
Oier Oa Donostian jaio zen, 1984an. Hura atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009ko urrian, Segiko kide izatea leporatuta, egitekoa zioten epaiketara agertu ez zelako.
Oier Oa espetxeratzeko agindu du Parisko Auzitegiko epaile batek
Ximun Duhour auzipetu egin du epaileak, Oa etxean gorde duelakoan; behin-behinean aske da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu