Oihalak eta orratzak, prest

Herritarren borondatea josten hastera doaz. Gure Esku Dago-k asteburu honetan jarri du abiapuntua; helmuga, ekainaren 21ean. BERRIAk Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko herri batzordeetako ordezkariekin hitz egin du.

gurutze izagirre intxauspe
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
G aur hautetsontzia, bihar erabakia. Ekainaren 21a. Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea erabakitzeko eskubidearen alde batuko dituzte. Horri begira jarrita daude Gure Esku Dago-ko herri batzordeak. Haren aurreko lehen mugarria asteburu honetan da, ehuntze egunarekin. Ekitaldi andana antolatu dituzte herri batzordeek, nork bere erritmora, baina inor ez da geldirik. Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen. Lan isilean, baina ia etenik gabe. Ilusioa gainezka sumatzen zaie. Oihalak, hariak eta orratzak prest dituzte:

ARANTZA SANCHEZ

Gasteizko Gure Esku Dago-kokoordinatzaileetako bat

«Auzoetara zabaltzen ari da dinamika, eta jendea oso gogotsu dago»

Poliki-poliki handituz joan da Gasteizko Gure Esku Dago-ren aldeko taldea, eta nahiko talde egonkorra sortzea lortu dute jada. Hiru koordinatzaile daude, eta Sanchez da horietako bat. «Erabakitzeko eskubidearen aldeko nahia bideratzeko gogoak batu gintuen, horren alde lana egiteko gogoak. Uste dugu herritarren eskubidea dela erabaki ahal izatea». Aniztasuna nabarmenduko luke Sanchezek Gasteizko taldeari dagokionez, «22tik 60 urte ingurura, denetarik biltzen gara, emakumezkoak eta gizonezkoak. Lanbideak ere askotarikoak: dendariak, ikasleak, irakasleak...». Aspalditik hasi dira lanean eragileekin, aurtengo erronkari begira ahalik eta indar gehienak metatze aldera, «15.000 atxikimendu baietz! Erronka horri lortzeko buru-belarri ari gara lanean».

Jostun egunerako ez dira gutxi izan egin dituzten bilerak eta hartu-emanak. Oraingoz, oihalen banaketarekin ari dira, eta jostun egunak pauso bat gehiago egiten lagunduko die ildo horretan. Tutoreak bilatzen ari dira; hogei zatiko oihalen ardura hartuko duten jostunak. Gustura da Sanchez Gasteiz erdigunetik harago, zabaltzen ari delako dinamika, «auzoetara zabaltzen ari da, eta jendea gogotsu dago».

JON ANDER OTXOA

Portugaleteko Gure Esku Dago-kokoordinatzailea

«'Gazta zati bat' ikusieta berehala sortu genuen taldea»

2013an, Gazta zati bat pelikularen emanaldiaren ostean sortu zen taldea Portugaleten. «Jende asko, ideologia guztietakoa batu ginen hasieran, baina denborarekin joan zen pixka bat jendea utziz, lanagatik edo beste hainbat arrazoirengatik». Denbora igaro ahala, pertsona kopurua galdu du taldeak, baina dagoena «trinkoagoa» dela uste du Otxoak, «lanerako gogo gehiagorekin». Batzordeka daude antolatuta: ekintza taldea, harremanak, publizitatea... Otxoa koordinatzailea da. Talde bakoitza bere lanetan ibiltzen da, eta asteartero biltzen dira koordinaziorako. Jostun egunerako are gehiago indartu dute taldea. 150 oihal zati dituzte banatzeko, eta hasita daude herriko eragileekin harremanetan jartzen. Elkarte bakoitzari oihal zatiak banatu dizkiete. Eta joste egunari begira ere antolatu dituzte ekitaldiak.

MIREN LUKAS

Hernaniko Gure Esku Dago-ko kidea

«2016an kontsulta egin nahi dugu, eta talde bat osatu da horretarako»

Trinkotua eta egonkortua dago dinamika Hernanin. Etengabea da jendearen egoitzarako sartu-irtena. 2013ko udazkenetik, hamabi lagun elkartzen dira astelehenero, talde eraginkorra osatzen dutenak. «Dinamika ezagutarazteko ehunduz joan ginen, taldeko norbanako bakoitzak bere eremuan eraginez, jende gehiago lotzeko dinamikara». Ez dira geldirik egon sortu zirenetik. Galarreta pilotalekuan jaialdi bat egin zuten, Castellersak ere ekarri zituzten, eta EAJko eta EH Bilduko eskualdeko buruak elkartzera «behartu» zituzten.

Jostun Eguna biharko antolatu dute. Etxeko lanak aurreratu xamar dituzte jada. 150 oihal zati dituzte, ia gehienak banatuta. Bihar hasiko dira josten. Ave Maria parkean antolatu dute jaialdia. Hautetsontzi erraldoi bat ere jarriko dute, euren nahia adierazi duten herritarren ekarpenekin josia.

Baina Hernaniko Gure Esku Dago-k badu beste ezaugarri bat: etorkin ugari erakarri dituen dinamika da, eta are gehiago erakartzeko, jarduerak egiten dituzte: esaterako, nazioarteko pintxoak dastatzeko aukera egongo da bihar. Hernanin etorkin taldeen elkartea dago, ANER, eta haiei eman zaie pintxoak egiteko ardura. «Ateak zabal-zabalik dituzte gurean. Ez da ezer mugatzen. Erakartzeko, banaka hasi ginen. Hura eroso sentitu zen, eta sarea zabalduz joan da».

Asteburukoa igarota, Donostiako Anoeta estadiora ahalik eta jende gehiena eramatea dute helburu. Baina aurrerago begira jarrita daude. Hiru talde berri osatu dituzte: gogoeta taldea, komunikazio taldea eta antzerki taldea. Datorren udaberrian herri antzerkian dute jarrita mugarrietako bat, eta jada hasiak dira lanean, gidoia egiten eta taldea biltzen. Asmoa dute udaberrian herri antzerkia egiteko, eta udazkenean galdeketa: «2016an herri kontsulta egin nahi dugu, eta talde bat osatu da horretarako».

IKER BAKAIKOA

Iruñeko Txantrea auzokoGure Esku Dago-ko kidea

«Oinarrizko eskubide baten alde jende guztia bil dezakeen dinamika bat sortu nahi genuen»

Gazta zati bat dokumentalaren proiektuan egona zen Bakaikoa, eta duela bi urte hasi ziren elkartzen Txantrean. Hasieran bost laguneko talde bat elkartu zen, «pixka bat taldeari izaera emateko, eta zer egin behar genuen finkatzeko». Abiapuntua honako hau zen: «Oinarrizko eskubide baten alde jende guztia bil daitekeen dinamika bat sustatzea». Herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera izan behar dutela iritzita, oinarri horrekin jendea batzera jo dute, alderdi politikoak direnak izanda ere. Harrera oso ona izan da, Bakaikoaren esanetan: «Jende pilo bat agertu zen aurkezpenean, eta eremu askotakoa». Giza katearekin batzea helburu zuten jende kopurua aise pasatu zuten.

Jostun egunari begira jarrita daude orain. Ez dira gutxi izan egin dituzten ekimenak. Giza katearen harira kontzertuak, hitzaldiak eta zenbait emanaldi egin zituzten. Oraingoan,berriz, mahai inguru bat antolatu dute, besteak beste. Parte hartzaileak, honako hauek dira: Zelai Nikolas, Sabino Cuadra, Jose Luis Uriz, Nekane Jurado eta Ainhoa Aznarez. Moderatzailea: Martxelo Otamendi. «Ideia ezberdinetako pertsonak dira, baina denak erabakitzeko eskubidearen alde daude. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun ezberdin pentsatu arren, oinarri horretan bat etor daitekeela irudikatzea. Gure Esku Dago-ren filosofiaren oinarria hortik doa».

Oihal zati asko tutoreen artean banatuak dituzte jada. Tutoreek dute oihal zati bakoitza hogeina zatitan banatzeko ardura. «Kirol taldeak, elkarteak, kuadrillak... pertsona bat hartu eta huraxe arduratzen da bere eremuan oihal zatiak saltzeaz». Berrogei tutore badituzte jada. Maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran egingo dute oihalak hartu dituztenentzako hitzordu bat, ekitaldi baten bitartez, oihalak josteko.

IBAN THICOIPE

Ipar Euskal Herriko Gure Esku Dago-ko kidea

«Gure Esku Dago-ren lehen oinarriak dio herri bat garela; gure oihal zatiari heldu nahi genion»

Ipar Euskal Herrian ehuntzen ari da mugimendua, apalki-apalki. Pixkanaka sarea zabalduz joatea da orain helburua. Ekainaren 21ean Baionan jarria dute gogoa, eta jendea hara eramateko hasiak dira lanean. Oihalak atzo bertan iritsi ziren, eta josten hastear daude. «Herriz herriko banaketaz gain, hitzordu handi batzuetan tokian bertan izanen gara, oihalak eta informazioak zabaltzeko. Adibidez, igandean, Baigorrin, Nafarroaren Egunean, ondotik Senperen Herri Urratsen, eta abarretan», esan du Thicopek. Ez dute atzera geratu nahi izan. «Erabakitzeko eskubideak iparraldeko errealitatean ere zentzu osoa du. Egungo politikaren gai zentraletako bat da, hainbeste erreformarekin: lurralde egitura, hizkuntza plangintza... Bestalde, Gure Esku Dago-ren lehen oinarriak dio herri bat garela, alegia, zazpiak oihal batetik josiak, eta guk ere gure oihal zatiari heldu nahia eta beharra sentitzen genuen». Herritarrak erabakitzeko eskubidearen inguruan mobilizatzera eraman nahi dituzte, «euskaldunok ere eskubide hori badugula sentiaraztera», esan du Thicoipek.

Horrez gain, beharrezkoa iruditzen zaie hauteskunde eta manifestazio ezberdinen ondoan, beste prozesu demokratikoak egotea, herritarren boza helarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.