Espainiako Auzitegi Gorenak Oihana Agirre euskal herritarraren aurkako zortzi urteko kartzela zigorra berretsi eta gero, hura «edozein momentutan» espetxeratu dezaketela salatu dute. Espainiako Poliziak 2007an atzeman zuen Agirre, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio baten sustatzaile izateagatik. Urtebete eman zuen kartzelan donostiarrak. Espainiako Auzitegi Nazionalak urtarrilean ezarri zion Gorenak berretsi berri duen zigorra.
Babes zabala jaso zuen atzo Agirrek. Lagunekin, familiarekin, auzokideekin, Aitor ikastolako lankideekin eta euskal presoen eskubideen alde berarekin batera jardun direnekin elkartuta salatu zuen bere egoera, Donostian eginiko agerraldian. Julen Etxeberria ikastolako irakasleak, auzokide guztien izenean, eta Mattin Troitiño Etxerat elkarteko bozeramaileak hartu zuten hitza.
Auzitegiek Agirreren aurka ezarritako kondena «bidegabea» eta «krudela» dela salatu zuen Troitiñok: «Injustizia larria da pertsona bat bere ideiak adierazteagatik, bere balio eta sinesmenak aurrera eramateagatik zigortzea». Haren aburuz, «eskubide politikoen aurka» jotzen du zigorrak, pertsona orok behar baitu izan eskubide zibil eta politikoen jabe. Horregatik, Agirre kartzelatzea «krudelkeria onartezina» dela salatu zuen.
«Mendekuan» eta «errepresioan» oinarriturik dagoen kondena dela ziurtatu zuen Etxerat-eko bozeramaileak. Errepresioa amaitzeko eskatu zuen horregatik, Euskal Herriak «bakea, demokrazia eta askatasuna» behar dituelako. Halaber, gatazkaren konponbidearen aurkako jokabidea bukatzeko eskatu zuen Troitiñok. «Ez da kartzelak euskal herritarrez betetzeko garaia, hustekoa baizik».
Euskal gizarteak konponbidea nahi duela adierazi du. Haren ustez, horretarako beharrezkoa da «jendearen eskubide guztiak errespetatzea, preso gehiago ez egotea, daudenen eskubideak errespetatzea eta etxera ekartzeko bidea hastea».
Etxeberriaren irudiko, Agirrek «garesti ordaindu du» bere militantzia politikoa. Donostiako Egia auzoan «pertsona ezaguna» dela azaldu du, eta inplikazio handia duela auzoko hainbat eremutan. Azaldu duenez, Agirre Antxeta aisialdi elkarteko kide izan da, ikastolako jangelako langilea da eta auzoko elkarte zein jaietan buru-belarri ibili izan da lanean.
Hori dela eta, auzokideen babes zabala du. Hainbat ekintza antolatu dituzte Agirreri elkartasuna adierazteko eta haren egoera «onartezina» dela agertzeko. Besteak beste, Auzitegi Nazionalera salaketa postal andana igorri zituzten.
Egungo testuinguruan Agirreren aurkako operazioa «are larriagoa» dela iritzi dio Etxeberriak. Euskal Herriko egungo egoera politiko itxaropentsuaren aurrean, eskubideen politikan oinarritutako bidea hartu beharrean, Espainiako eta Frantziako gobernuek «mendeku politikekin» jarraitzen dutela salatu zuen.
Azken ostiralerako deia
Troitiñok azken ostiraleroko protestetan parte hartzeko deia egin zuen. «Lehendik arrazoi ugari genituen kalera ateratzeko. Pisuzko arrazoi bat gehiago dugu orain: Oihani etxean behar dugu». Agirreren egoera salatzeaz gain, biharko ekimenetan izateko arrazoiak eman zituen: «Kondena eta kartzelatze gehiago egon ez daitezen eta preso politikoen kolektiboari ezartzen zaizkion neurri krudel eta salbuespenezkoak buka daitezen».
Oihana Agirreren aurkako kondena «bidegabea» dela salatu dute
Edozein unetan espetxeratu dezakete, Espainiako Auzitegi Gorenak zortzi urteko zigorra berretsi ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu