Ezker abertzalearen alderdi berria. Sorturen estatutuak

Oinarriak eta egitura aldaketa

Espainiako Barne Ministerioan erregistroa egin eta ordu gutxira, Sortuk estatutuak ezagutarazi ditu bere webgunean. Ezker abertzalearen alderdiak aurrerantzean izango dituen filosofia eta egituraren argazkia dira.

Sortu alderdiko ordezkariak, Sinn Feineko buruzagi Alex Maskeyrekin, atzo, Madrilen, alderdiaren estatutuak erakusten. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Barne Ministerioan erregistratutako estatutuen kopia jarri zuen atzo Sortuk bere webgunean (www.sortu info). Ezker abertzalearen filosofia, egitura eta funtzionamendua ezartzen dituen ibilbide orria da, legezko izateko egina, legezko izateko legeek eta jurisprudentziak ezarritako baldintzak betez.

Atariko kapitulu bat, bost kapitulu eta bi xedapen iragankor dituzte estatutuek. Gaztelania hutsez dago Barne Ministerioan erregistratutakoa, eta hori baino ez da ageri webgunean. Euskarazko bertsioa edo euskaratutakoa, balego, ez dute jarri oraingoz.

1. Haustura

Atariko kapituluak nabarmentzen duen ideia da hausturarena. Iñigo Iruin abokatuak astelehenean Euskalduna jauregian azaldu zuena, hain zuzen ere. Haustura ezker abertzaleak orain arte izan dituen erakundetze eta funtzionamendu ereduekiko; haustura ezker abertzalea ordezkatu duten aurreko alderdi politikoekiko, Espainiako Estatuak ilegalizatu zituen alderdiekiko. Bide soilik demokratikoak erabiltzeko konpromisoa azpimarratzen du eta indarkeria eta indarkeriaren erabileraren mehatxua errefusatzen ditu, baita ETArena ere. Espainiako Alderdien Legea konplitzen duela dio eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak aintzat hartzen dituela.

2. Oinarri ideologikoak

Lehenbiziko kapituluan xehatzen dituzte Sorturen estatutuek alderdi horren oinarri ideologikoak. Zazpi dira zehazki.

Lehena independentzia da. «Euskal Herriaren garapen osoa ziurtatzeko bide bakartzat» jotzen da independentzia. «Eremu guztietan, mugarik gabe, moldatu ahal izateko gure esku dauden bitarteko guztiak behar ditugu», dio testuak, eta horretarako bide bakarra estatua sortzea dela.

Erabateko euskalduntzea: euskara «hizkuntza nazionala» da. «Herri euskalduna osatu beharra daukagu», diote estatutuek, eta kultur eta hizkuntz aniztasuna aintzat hartzen dituzte.

Sozialismoa: «Egungo sistema kapitalistari, patriarkatuari eta eredu neoliberalari» ikuspegi alternatiboa eman nahi dietela dio testuak, eredu ekonomiko, politiko eta sozial «sinesgarri eta eramangarria» bultzatzen dute, eta «gehiengo sozial langilea» hartzen dute protagonistatzat «gizarte bidezkoa, berdinzalea eta progresista» lortzeko.

Justizian eta askatasunean oinarritutako bakea: «Bakea ez delako indarkeriarik eza, demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizarte eredu baten gotorleku baizik». Indarkeria eta inposizio adierazpen oro desagertu behar dela aldarrikatzen dute eta errespetatu egin behar direla giza eskubideak eta eskubide zibil, politiko, sozioekonomiko eta kulturalak oro, eta horiek egiazkoak eta eragingarriak izan daitezen bitartekoak ezarri behar direla. Eskubide horiek guztiak herritar ororentzat errespetatu behar direla diote, errespetu horren bidez «oinarrituko baita behin betikoz bake egonkor eta iraunkorra Euskal Herrian». Elkarrizketa, negoziazioa eta akordio demokratikoak oinarri izan behar dutela diote, eta herritarrek «mugarik eta hipotekarik gabe» etorkizuna erabakitzeko eskumena izatea ziurtatu beharra dagoela.

Feminismoa: emakumeek pairatzen duten egiturazko desberdintasuna eraldatzeko proiektu integral bat aldarrikatzen dute: «XXI. mendean, beharrezkoa da emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasunaren printzipioan oinarrituko diren harremanak ezartzea».

Herrien arteko elkartasuna: «Sostengu ekintza baino harago, mundu hobe baten aldeko borrokan konpromisoa eta inplikazioa exijitzen dituen estrategia gisa ulertzen dugu».

Demokrazia parte-hartzailea: Erabaki politiko, ekonomiko eta sozialetan herritarren parte-hartze zuzena aldarrikatzen dute.

Barne demokraziaz eta kanpo ekintzaz diharduen artikuluan, azpimarratzen dute Sortuk aurre egingo diola indarkeria darabiltenen erakunde bihurtu nahi dutenen edozein saiori. Era berean, estatutuek diote alderdi berrian lekurik ez dela egongo «indarkeriazko ezein ekintzarentzat edo indarkeriari babesa emango dion ezein jarrerarentzat». Indarkeriaren errefusa hainbat puntutan azpimarratzen eta nabarmentzen da.

3. Afiliatuak

Ezker abertzaleak orain arte izan ez duen figura da afiliatuarena. Sortuko kide diren pertsonak «militanteak» edo «jarraitzaileak» izango dira; lehenbiziko gradua lortzeko, afiliatu egin beharko dute, eta kuota ordaintzeaz gain, eskubide eta betebehar zehatzak izango dituzte. Afiliazioak onartzeko mekanismoak ezartzen dira, eta diziplina erregimen bat ere aurreikusten da alderdiko programa eta estatutuen aurkako jarrera edo ekintzak zigortzeko.

4. Egituraketa

Sorturen barruan ordezkapen, gobernu eta administrazio organoak ezartzen dira. «Alderdiaren barne egitura eta funtzionamendua printzipio demokratikoetan oinarritzen da», diote estatuek, eta gobernu organoak zerrendatzen: Nazio Kongresua, Batzar Nazionala, Batzorde Eragile Nazionala, idazkari nagusia, Batzar Lokala, Talde Lokala, Kontrol eta Berme Batzordea eta Kontuen Batzordea.

Nazio Kongresua izango da Sorturen organo gorena, alderdiaren ildo ideologikoa eta politikoa onartuko dituena. Lau urtean behin egingo du ohiko bilera, gutxienez 300 kide konpromisarioz —talde lokal bakoitzetik ordezkari bat gutxienez— osatutako batzarrean.

Batzar Nazionala kongresuen bitartean dagoen Sorturen organo gorena izango da. Batzar lokal bakoitzeko ordezkari batek eta konpromisarioen artean Kongresuak hautatutako 25ek osatuko dute. Idazkari nagusia izango da batzarreko lehendakaria.

Batzorde Eragile Nazionala Sorturen politikaren zuzendaritzaz arduratuko da. Nazio Kongresuak hautatutako 25 kidek osatuko dute, eta idazkari nagusiak gidatuko du.

Idazkari nagusia izango da alderdiko legezko ordezkaria eta kanpoko ordezkari nagusia

Batzar lokalak Sorturen oinarrizko egiturak izango dira, eta alderdiaren organo gorena bere lurralde eremuan (herri edo auzo). Talde lokalak garatuko ditu Sorturen politikak bere eremuan.

Kontrol eta Berme Batzordeak zainduko du militanteek eta alderdiko organoek estatutuak zuzen betetzen dituztela, eta prozedurak irekiko ditu, eta ebatziko du, estatutuak betetzen ez direnean. Kontuen Batzordeak, berriz, kontabilitatearen kontrola eramango du eta baliabide ekonomikoak zuzen erabiltzen direla zainduko du.

5. Behin-behinekoak

Estatutuek bi xedapen iragankor ditu, eta alderdiaren sortze kongresua egin bitartean egongo dira indarrean. Idazkari nagusi bat eta Batzorde Iraunkor bat izendatu dira behin-behinean, sortze prozesuan hartu beharreko erabakiak hartzeko —militanteen onarpenean edo Batzar Lokalen osaketan, esaterako— eta alderdiaren ordezkaritza betetzeko. Batzorde Iraunkorrak alderdiko organo guztien funtzio eta eskumenak izango ditu, idazkari nagusiarenak direnak salbu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.