Lindanoz kutsaturik dago Oiolako urtegia. Hala salatu dute beste behin Barakaldoko (Bizkaia) talde ekologistek eta herritarren elkarte eta plataformek. Urtegia itxita jarraitzeko eskatu dute. Urtegia ur hornidurara lotuz gero, neurri judizialak hartuko dituztela argitu zuten atzo Ekologistan Martxan taldeko kide Javier Vazquezek eta Carlos Alonsok, elkarte eta plataforma guztien izenean.
Joan den domekan berriro itxi zuten urtegiaren eta Basatxuko edateko uren araztegiko lotura, ibaiaren emariaren gorakadarekin batera lindano mailak gora egiten duelako. «Maila altuagoan zein baxuagoan» lindanoa osasunerako kaltegarria dela azaldu zuen atzo Vazquezek. Hala izanik, kutsaduraren erdigunea eta urtegiko lokatza garbitu bitartean Oiola ur hornidurara lotu gabe mantentzeko eskatu zuten talde eta plataformetako ordezkariek.
Barakaldo, Sestao eta Alonsotegiko herriak urez hornitzen zituen Oiolak. Horiek hornitzeko bide seguruak egonik, gogor kritikatu zuten «herritarren osasunarekin errusiar erruletara jokatzea». Izan ere, lindanoa gantz ehunean pilatuz doa, eta luzera hainbat gaixotasun eragin ditzake, hala nola minbizia. Hala izanik, arduradunen kontrako neurri penalak hartzea aztertzen ari direla argitu zuten, osasunaren kontrako delituagatik.
Europari muzin eginez
Salatu zutenez, urtegia zabalikzenean ere Europako Batasuneko araudia urratu zuen. Hala, Europan kexa jarriko dutela jakinarazi zuten ekologistek, ur politikenzuzentarau bat urratzeagatik, urtegia zabalik zenean araudian ezartzen diren kutsadura neurriak gainditu zirelako.
Hori dela eta, neurri administratiboak hartuko dituztela jakinarazi zuten eta urtegia itxita mantentzeko eskatuko diete Barakaldoko Udalari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta EAEko uraren agentziari. Jakinarazi dutenez, Jaurlaritzarekin harremanetan izan dira, eta Osasun Sailak presazko batzordearen bilerara deitzeko zain dira.
Lindano kutsadura zela eta, urtegia itxita egon zen 2008. eta 2011. urteen artean. 2011ko maiatzean zabaldu zuten, eta handik zenbait hilabetetara, urtegia berriro ixteko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak, iazko azaroan. Aurtengo uztailean berriro lotu zuten urtegia hornidura sarera, Barakaldoko alkatetzaren aginduz, udalak osoko bilkuran adostutakoa alde batera utzita.
Oiolako urtegia itxita izatea nahi dute, kutsatuta baitago
Lindanoz kutsatutako urtegia berriro zabalduz gero neurri judizialak hartuko dituztela agertu dute zenbait elkartek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu