POLIZIA OPERAZIOA. ATXILOKETAK. MARGARI EIZAGIRRE

«Okerrena oihuak izan dira; neska baten orro izugarriak entzuten nituen»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
MADRIL
2004ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urduri baina lasai aldi berean; pozik baina begiak heze. Emozionatuta atera zen Margari Eizagirre Berriako lankidea Auzitegi Nazionaletik. Bertaratutako lagun, senide eta lankideak besarkatu, eta egunotako kontakizuna egiten saiatu da.

Nola hartu duzu aske utzi zaituzten berria?

Hainbeste egunen ondoren, ez nuen espero. Burua prestatuta nuen espetxera joateko. Horrenbesteko burujana egin didate hasieratik, pentsatzen nuen espetxeratu egingo nindutela, zortzi urteko zigorra ezarriko zidatela kolaborazioa egotzita. Hori barneratzen ari nintzen. Zeren, azkenean, burua non duzun ere ez dakizu eta haiek nahi dutena sinistarazten dizute.

Nola deskribatuko zenituzke egunok?

Orain kalean, emozionatuta nagoela, dena urruti ikusten dut. Baina lehen bi egunetan, izugarrizko beldurra nuen; gorputza dardarka nuen, ez nuen nire burua kontrolatzen, ez nuen ezer ulertzen... Tentsio handiarekin zaude denbora osoan ez dakizulako zer datorren jarraian. Deklaratzera eramaten zaituzte, haiek ez daude konforme emandako azalpenekin eta une oro noiz etorriko zain zaude. Ate hotsa etengabea da, izugarrizko zaratak entzuten dituzu. Okerrena oihuak izan dira. Neska baten orro izugarriak entzuten nituen, beste norbait botaka...

Aske zaude baina ETAri laguntza ematea leporatzen dizute oraindik.

Banekien kolaborazioa leporatuko zidatela, deklarazioetan hori esatera behartu nindutelako; poliziaren aurrean hori sinarazi zidaten. Zaila ikusten nuen kalera ateratzea, behin eta berriz errepikatzen zidatelako Susperren paperetan agertzen nintzela eta paper horiek oso fidagarriak direla. Bazekitela nik etxea utzi niola errepikatu zidaten behin eta berriz. Nik esan nien Unibertsitatetik ezagutzen nuela Ibon; besterik ez. Orduan, haiek esaten zidaten ezagutzen nuenez harekin kontaktua nuela, gainera haren ideiekin bat egiten nuela, eta, beraz, prest egongo nintzela laguntzeko.

Zein irakurketa egiten duzu operazio honen inguruan?

Oraindik ez dakit ezer. Dakidan bakarra da kalabozoetan Alaitz eta Ibon egon direla, atera aurretik elkarri «maite zaitut» eta halakoak esaten entzun ditudalako. Eta, atxilotu gehiago zeudela banekien, egoera surrealista baten ondorioz: Madrila ekarri nindutenean kafetegi batetan geratu ginen. Ni eta hiru polizia gosaltzen egon ginen, lasai, eta telebistan atxiloketei buruz ari ziren. «Zu lasai, horiek ez dira gureak», esaten zidaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.