Eusko Jaurlaritzatik «alderdi nagusien» artean egungo egoerari buruz «ikuspegi bateratua» dagoela esaten ari badira ere, hori ez da horrela, «oinarrizko desadostasun garrantzitsuak» baitituzten euren artean, atzo Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok nabarmendu zuenez.
Funtsezko desadostasunetako bat da ezker abertzaleak maiatzeko hauteskundeetan parte hartzeko aukeran. «Alderdien artean, egia da bat egiten dugula ETAri armak behin betiko utz ditzan egiten diogun eskakizunean. Baina sakoneko desadostasun garrantzitsuak ditugu, eta nagusiena egungo egoerari buruz egiten den analisia da», adierazi zuen, atzo, Olanok.
Gipuzkoako diputatu nagusiaren arabera, beretzat oso garrantzitsua da ezker abertzaleak bide politiko eta demokratiko soilen alde egindako apustuak «ibilbidea» izan dezan, eta hori ezinezkoa izango da «Alderdien Legea zentzuz eta malgutasunez aplikatzen ez baldin bada».
EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk herenegun Espainiako gobernuburuarekin edukitako bilera ere garrantzitsutzat jo du Olanok, eta azpimarratu du ETAren su-etenaren ondoren «gure herriarentzat aukera eta esperantzarako gune bat ireki den honetan», gizarteak eta alderdiek aukera hori aprobetxatu behar dutela «bileren bitartez, akordioen bitartez, mugituz eta urratsak eginez».
Urkullu-Zapatero bilera
Berri agentziek atzo zabaldu zutenez, herenegun Moncloan Espainiako gobernuburuak eta EAJko lehendakariak egin zutenbileran, ezker abertzaleari maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko aukera ireki behar zaiola helarazi zion Iñigo Urkulluk Jose Luis Rodriguez Zapaterori, ezker abertzaleak berak iragarri duen bezala hil honen amaieran Alderdien Legea beteko duten talde politiko eta estatutu berriak aurkezten baldin baditu.
ETAren su-etena. Erreakzioak
Olano: «Alderdien artean ez dago ikuspegi bateraturik»
Ezker abertzaleari legea «malgutasunez» aplika diezaioten eskatu du Gipuzkoako diputatu nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu