'Bidegi auzia'

Olano eta Goiaren lana salatuko dute Batzar Nagusiek

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Bidegi auziko ikerketa batzordean azken pausoa ematear dutenean iritsi da diputazioaren salaketa berria. Osoko bilkura dute etzi Batzar Nagusiek, eta aztergai izango dute ikerketa batzordeak egindako txostena. Aurrera aterako da ebazpena, EH Bildu eta PP elkar hartuta baitaude. Markel Olano ahaldun nagusi ohiaren eta Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatu ohiaren jarduna gaitzetsiko dute ondorioetan.

Legealdiko azken bilkura dute etzikoa Batzar Nagusiek, eta gai asko pilatuko dira; besteak beste, aurrekontuetan aldaketak egiteko foru araua, hondakinei buruzko batzordearen ondorioak, eta lapurtutako haurrei eta adopzio irregularrei buruzko batzordearen txostena.

Bidegiren auziko ebazpenak hartuko du zeresanik handiena, hala ere. Markel Olano bera han izango da, batzarkidea denez gero. «Salaketa faltsua» dela berretsi zuen atzo, eta «oso larria» dela Bilduren jokabidea. Bozetako interesa ikusten du oinarrian. Olano EAJren hautagai da ahaldun nagusitarako; Goia, Donostiako alkatetarako.

EH Bilduren eta PPren ustez, ordea, «zuzeneko ezagutza» zuten Bidegiko ordainketei buruz Olanok eta Goiak, eta ardura politikoa haiena da. Gipuzkoarrei «galera handia» eragin die kasuak, talde horien esanetan.

Orain arte ikertutakoa «izozmendiaren punta» bakarrik dela nabarmendu zuten batzordean EH Bilduk eta PPk, eta hitzeman zuten datorren legealdian beste batzorde bat sortuko dutela Bidegiren jarduna ikertzeko. Ez ziren horren aurka agertu EAJ eta PSE-EE. Kasuak aztertzeko denbora eskatu zuten; orain ez dutela eduki salatu dute. Atzo aldundiak egindako salaketa hizpide izango dute bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.