Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "tartetxo bat" eskaini dio Hondarribiko aurtengo alardeari, Gipuzkoako Batzar Nagusien politika orokorreko eztabaidan. Sortu ziren "tentsio larriei" egin die erreferentzia. Olanoren esanetan, "gertakari horiek inoiz baino garbiago utzi zuten ezinbestekoa dela enfrentamenduak gainditzea eta lanean jarraitzea legealdi hasieran abian jarri genuen bidean". Ahaldun nagusiak "baldintzak sortzera" deitu du, "ikuspegi kontrajarriak elkar errespetatzera irits daitezen".
Hitzaldian giza eskubideez eta bizikidetzaz ari zela, Markel Olanok "tartetxo bat" egin du Hondarribiko alardean aurten gertatutakoaz. Hauxe esan du: pic.twitter.com/AZBz9QBlj1
— Enekoitz Esnaola (@EnekoitzEsnaola) 2018(e)ko irailaren 25(a)
Hondarribiko alardeko gertakarien harira, zenbait desberdintasun azaleratu dira Gipuzkoako aldundia osatzen duten bi alderdien artean, EAJren eta PSEren artean. Denis Itxasok (PSE) "exijentzia maila handiagoa" eskatu zuen, eta Imanol Lasa foru gobernuko bozeramaileak (EAJ) "adierazpenetan tentsioa baretzera" deitu hurrengo egunean. Oposizioko alderdiek Jaizkibel konpainiaren kontrako adierazpenak amaitzeko neurri argiak eskatu dizkiote Gipuzkoako aldundiari.