Ikerketa batzordean onartutakoaren ildotik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek salatu egin dute Markel Olano ahaldun nagusi ohiak eta Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatu ohiak AP-1eko lanetan izandako jarduna.
Ebazpenean, frogatutzat jo dute Basagoitiko lur biltegian ez dagoela dokumentuetan adierazitako kopururik; hortik ondorioztatu dute 3,4 milioi euroko iruzurra izan dela kasu horretan. Ardura politikoa Goiarena eta Olanorena dela dio testuak, “zuzeneko ezagutza” zutelako kasuari buruz.
Alderdiek azken asteetako jarrera berretsi dute eztabaidan. Batetik, PP eta EH Bildu daude; salatu dute iruzur egin zela AP-1eko obretan, eta “jarduteko modu bat” dagoela oinarrian. Kontuan izan behar da aldundiak kereila zabaldu egin duela, ostiralean jakinarazi zuenez. Beste hamar milioiren iruzurra salatu du.
Bestetik, EAJ dago. Salatu du “mendeku politikoagatik” abiatu duela diputazioak Bidegiri buruzko auzia. “Ez dago beste ezer. Larraitz Ugarte diputatuak misio hori izan du”. Bozetarako estrategia dela uste du. PSE-EEk ez du bozketan parte hartu; salatu du ez dutela eduki behar adina denbora eduki gaia aztertzeko.
Martin Garitano ahaldun nagusiak ere hartu du hitza bilkuran; gaurkoa izan du azken bilkura. Iruzurraren eta iruzur susmoen aurrean "zero tolerantzia" izateko eskatu die alderdi guztiei. Bidegiren kudeaketak iruzur zantzuak ikusita, auzitara jo beste aukerarik ez zutela nabarmendu du Garitanok.
Auziak jarraipena izango du datorren legealdian. Beste ikerketa batzorde bat sortzeko hitza eman dute EH Bilduk eta PPk.
Auzitegian ere irekita dago prozedura. Inputatuta daude Bidegiko zuzendari tekniko ohia eta bi enpresatako ordezkariak.