Olarizuko gurutzeari eraso diote

2018ko abenduaren 20a
09:47
Entzun

Egileek Hala Bedi irratiari bidalitako oharrean diote "ezintasunak gainditu eta ametsak egia bihurtu" dituztela. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek jakinarazi du eremua itxi dutela istripuak saihesteko, eta neurriak iragarri ditu gurutzea eror ez dadin.

Eztabaida iturri izan da azken hilabeteetan Olarizuko gurutze frankista. Ikurra dagoen lurren jabeak, Mendiolako kontzejuak, kendu egin nahi du. Baina Gasteizko Udalak nahiago du gurutzearen nondik-norakoak azaltzen dituen plaka bat jarri eta ikurra bere horretan utzi.

Bart, ezezagunek gurutzeari eraso diote, haren oinarria ia erabat moztuz. "Herriaren borondatea" bete dutela diote egileek Hala Bedi irratiari bidalitako oharrean: "Gurutze frankista iragana da. Gurutze horen lokatzak baliatu genitzake frankismoaren aurka eta askatasunaren alde aritu ziren milaka borrokalariak omentzeko. Balia dezagun".

Gurutzeak jatorri erlijiosoa du berez, baina frankismo garaian baliatu zuten "Jainkoaren eta aberriaren alde eroritako apaizak" gogoratzeko. Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen asmoa da horien izenen aldamenean jartzea frankistek hildako erlijiosoen izenak ere.

Lehengoratze lanak, "epe luzera begira"

Erasoaren ostean, gurutzea erori ez den arren, egoera txarrean geratu da. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu du kalteen nondik norakoak aztertzen ari direla. Hori argitzen duten bitartean ikurraren ingurua itxiko dute, "ezbeharrik" gerta ez dadin. Horrez gain, argitu du lehengoratze lanak ez dituztela "berehala" hasiko. "Epe luzeagora begirako lanak izango dira, gurutzea Olarizun denbora luzez manten dadin".

Gasteizko bozeramaileen ezohiko batzarra egin dute gaur goizean, udalaren adierazpen bat onartzeko. Ez dute halakorik egin, ez baitute adostasunik lortu. Azkenean EAJk, PSE-EEk, PPk, Ahal Duguk eta Irabazik sinatu dute erasoaren aurkako gaitzespen testu bat. EH Bilduk ez du testua sinatu.

EH Bilduk hausnartu du Gasteizko ikur frankistei buruzko eztabaida "beharrezkoa" dela, hirian gai horrek presentzia duelako. Ordea, gaineratu du Olarizuko gurutzearekin gertatutakoak ez duela errazten "eztabaida lasaia". "EH Bilduren ustez beharrezkoa da, adostasunetik, diktadurak hirian dituen espresio guztiak erretiratzea.

Urtaranek, batzarraren ostean, gogor kritikatu du erasoa. "Gurutzea ikur erlijiosoa baino gehiago da; gure ondarearen, historiaren eta ohituren ikurra ere bada". Alkateak gaineratu du ez duela onartuko "gutxi batzuk" haien kabuz justizia egin nahi izatea. Are, EH Bilduren aurka egin du, eta gurutzearen aurkako erasoa egin dutenak "babestea" leporatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.