Olatuak baliatuko dituen energia planta gaur irekiko dute Mutrikun

Instalazioa aitzindaria da Europan, eta 600 pertsonaren elektrizitate premiak aseko ditu

Olatuen indarra baliatuko duten turbogeneradoreak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Mutriku
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Itsasoko olatuen indarrarekin energia sortu eta banatuko duen Europako lehenengo planta jarriko dute gaur lanean Mutrikun (Gipuzkoa).Instalazioak 296 kW-eko potentzia izango du, eta, lehenengo aurreikuspenen arabera, urtero 600.000 kWh ekoitziko ditu, gutxi gorabehera 600 pertsonaren energia kontsumoaren baliokidea. Eusko Jaurlaritzak jarri du abian proiektua, EEE Energiaren Euskal Erakundearen bitartez.

Olatuen bidez energia sortuko duen instalazioa Mutrikuko kaia babesteko dike berriaren barruan dago, eta hamasei turbogeneradore ditu. Horiek sortuko dute sare elektrikora bideratuko den energia, OWC deritzon teknologiaren bitartez —Oscillating Water Column ingelesezko siglez edo ur zutabe kulunkaria—.

Hain zuzen ere, Mutrikukoa izango da kontsumorako energia sortuko duen era honetako lehenengo instalazioa. Izan ere, gaur egun olatuen energia sortzeko aukera erabiltzen duten hainbat planta daude munduan, baina guztiak prototipoak dira, eta, sare elektrikora bideratzeko baino gehaigo, ikerketarako daude lanean. Mutrikukoa «planta txikia» da, Jose Ignacio Hormaetxe EEEko zuzendari nagusiak dioenez, baina «teknologia martxan jartzea eta olatuen bidez energia sor daitekeela» erakustea izan da proiektuaren sustatzaileen helburua. 600 pertsonaren elektrizitate premiak asetzen baditu, urtean 600 tona CO2 ez aireratzea lortuko dela gaineratu du Hormaetxek

Olatuen presioa aireari

Mutrikuko energia plantak sistema sinplea erabiltzen du funtzionatzeko, EEEko arduradunek azaldu dutenez, Donostiako Haizearen Orrazian ura eta haizea aireratzen duten zuloen tankerakoa. Olatua heltzean, ura dike barruan dauden hamasei aire kameretan sartzen da, eta barruan dagoen airea konprimitu ondoren, goi aldeko zulotik botatzen du presio handiarekin. Konprimitutako aire horrek turbinari eragiten dio, eta horrek, aldi berean, alternadorea birarazten du. Horrela energia elektrikoa sortzen da. Era berean, olatua aldentzen denean, airea xurgatu egiten du, eta berriroeragiten dio turbinari.

Olatuen energia planta lehenengo jarri behar zuten martxan, baina 2008an eta 2009an izandako hainbat denboralek atzeratu egin zuten proiektu guztia, dikeak kalteak izan zituelako. 1,65 metro zabal zen horma batek babesten zuen turbogeneradoreen planta, eta, kalteak ikusita, bost metroko beste horma bat erantsi zioten. Yago Torre-Enciso proiektuaren arduradunak azaldu duenez, 1990eta 2005. urteen arteko olatuak neurtuta egin zuten aurreneko proiekzioa. «Urte horietan olatuak gehienez 7,7 metrokoak zirela esan ziguten datuek. Baina 2005. eta 2009.aren artean hainbat denborale izan ziren, eta 9,2ra iritsi ziren metroak. Bost metro zabal den horma horrekin segurtasuna erabatekoa da».

«Energia berriztagarrien aldeko apustuan», itsasotik atera daitekeen energia sustatzen segituko du EEEk. Izan ere, egin dituen kalkuluen arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko olatuen potentziala «ertain-handia» da, 24 kW/m-koa, eta itsasoaren ezaugarriak ere «lagungarriak» dira horrelako instalazioak kokatzeko. Asmo horien barruan, 2012aren bigarren seihilekorako Bimep egitasmoa jarriko dute martxan Armintzan (Bizkaia), itsaso zabalean, olatuak hartzeko teknologiaren inguruko probak egingo dituen plataforma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.