Josune Ariztondo Ondarroako (Bizkaia) Udal Kudeaketa Batzordeko bozeramaileak (EAJ) atzo zioen herrian "tentsioa jaitsi" egin dela beraiek duela aste batzuk udal ardura hartu zutenetik, baina orain jakin da udaletxeko langileen multzo handi batek ez duela Kudeaketa Batzordearentzat behar egiteko asmorik, honek herritarrak ordezkatzen ez dituela-eta.
"Udal langileok herriaren zerbitzura gaude, ez alkate baten edo alderdi baten kapritxoak betetzeko. Ondarroan udal agintari inposatuak ditugu, bai herriari inposatuak, baina baita ere langileoi. Langileok ez gaude prest alderdikerien eskudoak izateko herriaren aurrean", dio langileen batzordeak; bihar agerraldia egingo dute, udaletxean.
Ondarroan maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan EAE-ANV izan zen boto gehien jaso zituena -gehiengo osoa-, baina Espainiako auzitegiek baliogatu egin zuten aurretik. EAJk irabazi zituen ofizialki bozak, baina ez EAJkoek eta ez beste alderdietako zinegotziek -PPkoak izan ezik- ez zituzten karguak hartu. Udal Kudeaketa Batzordea osatu zuten ondoren, Bizkaiko Foru Aldundian, eta Felix Aranbarri EAJko kidea da batzordeko lehendakaria.
LAB sindikatua da nagusi udaletxe langileen artean, eta plantoa egiteko erabakiaren alde egin du. ELAk ere badu ordezkaritzarik, eta honek plantoa ez duela babesten esan du. Ariztondok dio udaletxeko "langile askoren" babesa dutela, "eta planto egin nahi dutenek herritarrei kontuak eman beharko dizkiete [zerbitzua ez betetzeagatik]".
Hain zuzen, Aranbarrik eta Ariztondok agerraldia herrirako dituzten egitasmoen berri eman zuten atzo, udaletxean. Udal zerbitzuen atalei eustea eta geldirik zeudenak martxan ipintzen hastea izan du helburu gestorak abuztuaren 10ean Udala osatu zenetik hona, Ariztondok azaldu zuenez.
Politika
Ondarroako udal langileen multzo handi batek ez du Kudeaketa Batzordearentzat lanik egingo
Batzordeak herritarrak ez dituela ordezkatzen irizten diote, EAE-ANVri lekurik egin ez diotela-eta. LAB da nagusi udaletxeko beharginen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu