Herritarrei Kamiñaldeko egoeraren berri emateko, orain arte kaltetuen ordezkariekin bildu da udala. Harreman hori "estutu" egin nahi du ordea udalak: "Aurrerantzean hartu behar diren erabakiak herritarrekin batera hartu nahi ditugu", azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.
Jakinarazi duenez, Alokabidek azkartu egin du bere prozesua, eta 26 familiarekin kontratua sinatu dute. Hala ere, udalak gogorarazi du oraindik etxebizitzen premia handia dela, eta horregatik, etxe hutsak dituzten herritarrei eskatu die etxe horiek Alokabideren esku lagatzeko: "Alokabidek egindako aurreikuspenen arabera, oraindik 47 etxebizitza gehiago beharko ditugu kaltetu guztiak beste etxe batzuetan berkokatu ahal izateko", Eneritz Basurko Hirigintza zinegotziak azaldu duenez.
Etxeetan izandako lapurretak direla-eta, zaintza lanak mantentzeko eskaria egin zion udalak Ertzaintzari. Bedialaunetak nabarmendu du larrialdi egoera mantentzen den bitartean eta herritarrak beraien etxeetatik kanpo dauden bitartean ezin dutela zaintza murriztu.