Osakidetzak jakinarazi duenez, osasun zerbitzu horren eta Onkologikoaren artean hitzarmena sinatu zenetik lanean ari dira aldaketa «eraginkorra» izan dadin, baita pazienteek «eredu eta helburu bakarrean bildutako zerbitzua» izan dezaten ere. Hori lortzeko pausoetako bat izanen da, hain zuzen, orain arte Donostia ospitalean zeuden onkologia erradioterapikoaren zerbitzuko jardueretako batzuk Onkologikora pasatzea.
Kanpo kontsultak, adibidez, Onkologikoko bigarren solairuan izanen dira datorren astelehenetik aurrera. Pazienteen lehenbiziko bisitak eta azterketak egiten dira jarduera horren bidez. Aldaketa horren helburua da eritasun onkologikoak dituzten pertsonei eskaintzea «arreta bikaina, zintzoa, jasangarria eta etengabeko hobekuntza ikuspegiarekin».
Aldaketa horiek guztiak datozen egunetan jakinaraziko zaizkie pazienteei, euren kontsulten leku eta ordutegi berriekin batera. Kontsulten kokapena aldatuko bada ere, pazienteak artatuko dituzten profesional taldeak orain artekoak izanen dira, ia kasu guztietan.