Osoko zuzenketekin ez zuten lortu erreforma geldiaraztea, eta zatikako zuzenketen bidez eragina apaltzen saiatu nahi dute oposizioko taldeek. Gaur 20:00ak arteko epea dute zatikako zuzenketak jartzeko. Euskal alderdi gehienek jadanik erregistratu dituzte eskariak.
EAJk, eskumenak Madrilen esku gera ez daitezen, xedapen gehigarri bat proposatu du: EAEk izatea hezkuntzako eskumena, "maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan". Horrekin, ikasgaiak antolatzeko ahalmena izango luke Jaurlaritzak. Hori gauzatzeko, bitariko batzorde bat sortzea proposatu du, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde bat. Proposamen nagusi horrekin batera, badira mugatuago batzuk: euskarari izaera ofiziala aitortzea legean, eskolei autonomia handiagoa ematea eta ikasleek ikasketa adar batetik jo arren atzera egiteko aukera izatea. Irakats-aldi amaierako azterketei dagokienez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean egin beharreko probari eustearen alde egin du, betiere Jaurlaritzari zeresan gehiago emanda. Legea indarrean jartzeko epea atzeratzeko ere eskatu du: ia bi urte.
Amaiur koalizioak zuzenketa bakar bat egin du. Xedapen gehigarri bat jartzea, ez du besterik proposatu: lege berria ez ezartzea Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
Geroa Bai taldeak erreformaren zutabe nagusi guztiak erretiratzeko eskatu du: ikasgaien banaketa eta horien kontrola, kanpoko azterketak, ikasleak azkarrago banatzea... Uxue Barkosek, gainera, kutsu "merkantilista" duten esaldi guztiak ezabatzeko eskatu du, banan-banan zerrendatuta. Musika ikasgaiari pisu handiagoa ematea galdegin du, bestalde.